Lau sari irabazi zituzten soraluzetarrek GazteRobotikan

Ubane Madera 2019ko ira. 30a, 12:06

'Space' erronkako podiuma soraluzetarrek bete zuten. Argazkiak: DoPlay eta Diputazioa

Lau sarirekin bueltatu dira soraluzetarrak GazteRobotika txapelketaren hirugarren ediziotik, Elgoibartik. Eta lau horietatik hiru erronka berean eskuratu dituzte: Space izeneko erronkako podium osoa izan da soraluzetarrendako. Horrekin batera, 1vs1 erronkan hirugarren saria eskuratu zuten. 

Badirudi Soraluzeko neska-mutikoek etorkizuneko bisioa dutela. Ze Elgoibarren zapatuan jokatu zen GazteRobotika txapelketan, Space izeneko erronkaren hiru sariak eskuratu zituzten soraluzetarrek: lehena, bigarrena eta hirugarrena. 

Ilargian bizi, meteoritoa...

Hain justu, etorkizuneko egoera bati aurre egiteko mekanismoak planteatu behar zituzten erronka horretan. “Adibidez, Ilargian gaude bizitzen, eta hor bizirauteko lortu behar dituzte mekanismoak (ura lortzeko, elikagaiak…). Edo beste adibide bat, planteatu genien meteorito bat zetorrela mundura eta horri zela aurre egin erabaki behar zuten. Gero, epaimahaiak puntuatu zuen, besteak beste, ideiaren originaltasuna, erabilitako elementuak, ea mekanismoak bata bestearekin lotuta zeuden….”, esplikatu du Mikel Lizarraldek, GazteRobotika txapelketaren antolatzaile DoPlay enpresako kideak.

JLA, Hirukote eta Los Fantasmicos

Eta horrela, JLA (Laia, Ane eta Jurdana) izeneko taldeak eskuratu zuen lehen Space erronkako lehen saria; Hirukote Taldeak (Jone, Oihane eta Naia) berriz, bigarrena eta Los Fantasmicos (Urko, Oier eta Unai) taldeak hirugarrena.

1vs1 erronka izan zen, berriz, GazteRobotikako bigarrena. Kasu horretan, fitxak batzuk hartu eta leku batetik bestera eramango zituzten robotak sortzea izan zen erronka; eta kasu horretan, Soraluzeko Kolore Lore (Enara eta Irati) taldea hirugarren sailkatu zen. Debako Monodot izan zen txapelduna erronka horretan, eta bigarrena, berriz, Elgoibarko Los Legendarios de IMH.

Lehen erronkari dagokionez, berriz, erreskate-lanak egiteko robotak sortu behar zituzten gazteek; eta kasu horretan, Elgoibarko Las Jugadoras taldeak irabazi zuen; bigarren izan zen Urkotronic (Elgoibar-Azpeitia) eta hirugarren izan zen Mandanbot elgoibartarra.