300 eurora arteko isunak

Ubane Madera 2019ko ira. 30a, 11:00
Hondakinak edukiontzietatik kanpo, joan den astean.

Hondakin poltsak edukiontzietatik kanpo lagatzen dituzten herritarrak identifikatzen segituko du Udalak, eta aldi berean, neurriak gogortzen. Hala, poltsak lekuz kanpo laga eta hirugarren aldiz identifikatutako herritarrei, tabernariei zein saltokiei 300 eurora arteko isunak ipiniko dizkie. 

Otsailetik dihardu Soraluzeko Udalak edukiontzietatik kanpo lagatako zabor-poltsak zabaldu eta haien jabeak identifikatzen. Joan den astera arte (irailaren 23ra arte) 156 halako identifikatzea lortu du (kanpoan zeuden guztiak ez). 

Identifikatutakoen artean, 139 (izan daitezke herritarrak, tabernariak, jatetxeak zein saltokiak izatea) behin harrapatu dituzte, eta 17 lagun, berriz, bizpahiru bider. Horrez gain, identifikatutakoen artean, 17 ez dira Soraluzekoak. Egoera horren aurrean, neurriak gogortzen hasiko da Udala.

"100 abisu gutun"

“100 abisu gutun bidali ditugu. Eta bi bider baino gehiago identifikatu ditugun horiek, berriz, ultimatuma jaso dute. Hirugarrenean, isuna jasoko dute", esplikatu du Ingurumen teknikariak. 

Kopuru hori abisu gutunean jartzen duena baino dezente handiagoa da; izan ere, Mankomunitateko ordenantzan oinarrituta ezarriko dute. Haren arabera, isun arinagatik 600 euro arteko zigorra ere ezar daiteke. Eta Iker Aldazabal alkateak dioenez, Soraluzen txakur kakekin erabiltzen den irizpidea aplikatuta, 300 euro bueltako isunak ipiniko dituzte, eta kaleko zakarrontzi txikietan lagatzen diren zabor poltsen jabeei, zein ibaira jaurtitzen dituztenei ere, zigorra ezarriko diete.