Errepideen egoera baserritarren kezka iturri nagusi

Ubane Madera 2019ko ira. 29a, 18:04
Baserritarrak osoko bilkuren aretoan, eguen iluntzean.

Udaleko eta Debemeneko ordezkariek batzarra egin zuten baserritarrekin eguenean. Iaz landa-gunean egin zituzten inbertsioen berri eman zieten, eta datorren urteari begira baserritarrek dituzten behar nagusiak zeintzuk ziren jaso zituzten, lehentasunen arabera, haiei aurre egiteko.

Iaz moduan, hasi berri dugun ikasturtean ere 30.000-40.000 euro bideratuko ditu Udalak nekazaritza eremuan inbertsioak egiteko; zer eta nola egin lehentasunen arabera erabakiko dute. Eta landa-eremuko beharrak zeintzuk diren helarazteko batzarra egin zuten Udaleko eta Debemeneko ordezkariek baserritarrekin.

Jende asko bertaratu zen batzarrera eguen iluntzean. Udalerriko lau bailaretako (San Andres, Irure, Txurruka eta Ezozi) baserritar ugarik parte hartu zuen. Eta erakundeen ordezkari moduan, Iker Aldazabal alkatea eta Ramon Gallastegi Ingurumeneko eta Landa Garapeneko zinegotzia izan ziren Soraluzeko Udalaren izenean, eta haiekin batera Agurtzane Etxaniz ere izan zen, Debemeneko gerentea. 

Errepideen egoera kaskarrarekin edo segurtasun kontuekin lotutako eskaerak helarazi zizkieten batik bat baserritarrek Soraluzeko Udaleko eta Debemeneko ordezkariei. Horrez aparte, eta bestelako eskaeren artean, oro har, seinaleztapenarekin eta buzoiekin lotutako beste batzuk ere helarazi zituzten.

Irureko pareta

Eta izan zen ere, Udalari eskatu zionik “baserri-eremuarekin gehiago akordatzeko” eta landa-eremurako inbertsioak handitzeko.

Bestelakoen artean, kritika dezente helarazi zizkion Udalari Irure auzoko Luis Platak. Laburbilduz, haren esanetan, udalerrian (kalean) egiten diren berrikuntzak eta bertan ematen dituzten zerbitzuak askoz ere ugariagoak dira landa-eremukoekin alderatuta. Adibidez, salatu egin zuen oraindik orain baserri askotan Internetik-zuntz optikorik ez dagoela.

Baina batez ere, Platak gogora ekarri zuen Irure auzoko paretaren egoera kaskarra dela urtea joan eta urtea etorri: “Edozein momentutan azpian harrapatuko gaitu”.

Bat egin zuen harekin Irureko beste auzotar batek, gaineratuta bere esanetan, halakoetan adituak diren guztiek ohartarazita dutela pareta hura jausi egingo dela goizago ala beranduago. Eta egoerarekiko kezka handia helarazi zuen.

Azken horri dagokionez, Iker Aldazabal alkateak gogora ekarri zuen gaia Auzitegi Gorenean dagoela, erresolbitzeko zain. Eta besteak beste, zuntz optikoari dagokionez, Aldazabalek jakinarazi zuen aztertzen dabiltzala eskualde mailan gai hori.

Zuntz optikoa

Ikusita teleoperatzaileek halako zerbitzuak ematen dituztela bezero kopuruaren arabera, jakinarazi zuen Debegesan aukera aztertzen dabiltzala Interneteko seinalea antena bitartez zela helarazi.

Eta bestela, orokorrean, alkateak baserritarrei jakinarazi zien eskatutako konponketen artean lehentasunezkoetatik hasiko direla, aurrekontua mugatua delako. Eta, besteak beste, gogora ekarri zuen baserri eremuetan ez-ezik, kalean ere badirela beharrak eta landa-eremuarekin beti “akordatzen” diren arren, kalean askoz ere bizilagun gehiagori eman behar dietela zerbitzua.