Cris Jacas suhiltzailea: "Ez dut nire burua beste inon ikusten"

Ubane Madera 2019ko ira. 29a, 12:00

Cristina Jacas Mateu Iurretako suhiltzaile-parkean.

Cris Jacas (Bartzelona, 1989) suhiltzaile da, iazko ekainaz geroztik Iurretako suhiltzaile parkean, lehenago Derion izan ondoren. 48 langile eta hiru sarjentuk osatzen dute suhiltzaile-taldea. Sei txandatan banatuta egiten dute lan eta Ermutik Zornotzarainoko udalerri guztiei ematen diete zerbitzua.

- Zer dela-eta Bizkaian lanean? 
Euskal Herrian suhiltzaileak lurralde historikoen arabera banatzen dira, eta aparte daude hiriburuak. Sei gorputz daude, Donostia, Gipuzkoa, Bilbo, Bizkaia eta Gasteiz, Araba. Bakoitzean lan egiteko egin behar dituzu bakoitzerako oposizioak. Niri Bizkaikoak tokatu zitzaizkidan parean. Baina ez daukat plazarik, ordezkapenak egiten dihardut. Gainera, Bilborako suhiltzaile izateko oposizioak izango dira laster, eta horiek prestatzen nabil.

- Zer moduz urte pasako esperientzia? 
Oso ondo. Dena berria da, lana bera eta jendea, eta elkarbizitza handia dugu. Zortea izan dut, jende ona dut inguruan, lanarekin konprometituta dagoena, eta horrek gauzak errazten ditu. 

- Zuen twitter kontuaren arabera, denetik egiten duzue: suak emendatu, istripuetara joan, liztor asiarraren erlauntzak erretiratu, katuak askatu… denak dira zuen berezko zereginak, edo errazegi deitzen diegu suhiltzaileei kasu batzuetan?
Suhiltzaile lanbidea suteekin jaio zen, su-hiltzaile izena hortik dator. Baina gaur egun suteak izango dira gure interbentzioen %30a. Beste guztiak dira asistentzia teknikoak, baliabide teknikoak eskatzen dituztenak: errepidea garbitzea istripuen ondoren, gas ihesiak, haizeteen ondorengo apurketak, zuhaitzak jausita, kartelak… erdia baino gehiago dira salbamenduak, lan istripuak, kotxeetakoak, mendiko erreskateak, katuak salbatzea…

- Zenbat jarduera-aktuazio izaten dituzue egun batean? 
Atzo, adibidez, ez ginen irten, baina aurreko txandan bost aldiz irten ginen. Iaz egin genituen Iurretan bakarrik 600 irteera. Baina egunero ez gara irteten. Batzuetan asko, bestetan gutxi. Eta hori da nire ustez politena: lanera zoaz, baina ez dakizu zer egingo duzun… Eta pentsatzen duzunean: ya 22:00ak dira, ohera noa... eta bat-batean alarmak jotzen du… Asko  gustatzen zait hori. Eta gertatzen da, gainera, gutxien espero duzunean. Zerotik ehunera ipini behar zara. Hori oso intentsua da, eta batzuetan gogorra, batez ere gauean.

- Zuen ogibidearengatik, sentimenduen kudeaketa ere garrantzitsua izango da ba.
Gu ez gara heroiak. Hori jendearen burutik kendu egin behar da. Niri ez zait gustatzen irudi hori, ze horrek esan nahi du gu ezin garela gaizki sentitu inoiz… eta konturatzen zaranean sentitzen duzuna normala da, indartsua zabiltza egiten. Sentimenduen kudeaketan asko laguntzen du ondokoak esatea normala dela sentitzen duzuna.

- Gaur egungo gertakari gehienak zergatik gertatzen dira, istripuz ala deskuiduan?
Normalean gizakiak eragiten du gertakaria, baina beti ez da bere kulpa. Kontziente izatea da gakoa. Zerbait gertatzen denean, normalean hainbat arrazoirengatik izaten da; baina zerbait gertatzen bada, ipini ahal ditugu baliabide gehiago hori ez gertatzeko, ala gertatzen bada, kalteak txikiagoak izateko. Horiek denak dira prebentzio lanak. Orain gero eta gehiago ematen dizkigute prebentzioarekin zerikusia duten lanak. Adibidez, neguan aholkuak ematen ditugu twitterren: tximiniak garbitzeko, mendian mugatutako suak egiteko… edo sanjuanetan suak zela egin…

- Zein izan da aurre egin behar izan diozun gertakaririk arriskutsuena?
Arriskutsua izan ala ez gu beti arretarekin joan behar gara. Behin erle batzuk kentzera joan ginen. Nahiko ohikoa da, baina egiten dugu hainbeste, nire lankideak zaintza malgutu eta sartu zitzaizkion erleak jantzi barrura. Aldiz, Mañarian sutea izan  genuen behin, eta ke eta su handia zeuden, eta horrek berak ya arreta izatea eragiten dizu.  

- Eta desatseginena?
Auto istripuak beti dira oso desatseginak. Bestalde, askotan nahiz eta azkar ibili ez gara garaiz iristen. Eta nahiz eta guk gure lana ondo egin kasu horietan, bueltatzen zara… Ze gainera, horrek esan nahi du pertsona horri gertatu zaiola zerbait txarra, eta hori ez da batere atsegina. Oso gustuko dut nire lana, baina askotan pentsatzen dut:  irteten banaiz da desgrazia batengatik. Bakarrik bizi diren pertsonen kasuak gero eta gehiago daude. Eta oro har, gu etxe askotara sartzen gara eta ikusten duzunarengatik konturatzen zara munduan larritasun handiak daudela. 

- Jendea eskerronekoa da?
Oso. Nire lehen interbentzioan, txakurra putzu batera jausi zen, joan ginen jakin barik zela erantzun behar duen, eta atera genuenean oso pozik zegoen, eta bere jabea ere bai, mordoa eskertu zigun. 

- Zelakoa da zuen bizimodua? 
Normalean lantaldeak berdinak dira, nahiz eta guardiak aldatu ahal diren noizean behin. 24 orduko guardiak dira. 07:50etik 08:10era arte. Goizean sartzean txanda ematen digute eta gauza guztiak prestatzen ditugu, gero batzarra egin eta kamioiak banatzen ditugu, ze bakoitza arduratzen da batekin. Sei kamioi printzipal daude eta sei ordezko. Eta segun ze kamioi duzun, gertakariaren arabera, badakizu zer egin behar duzun. Hau da, gertakariaren arabera, kamioi bata ala bestea irteten da. Adibidez, atzo izan nuen erreminta asko dituen kamioia; hori suteetara ez doa; beraz, sutea izanez gero, ez nuke gidari-lanak egin beharko eta sutea emendatzera sartuko nintzateke. Baina istripu bat balego, nire kamioia joan egingo litzateke eta neu izango nintzateke gidari. Behin kamioiak-eta gertu, goizak aurrera egin ahala, praktikak egiten hasten gara: suteak, erreskateak… 13:30-14:00ak arte. Eta arratsaldean egiten dugu goizean egin ez duguna: prebentzio ala praktika lanak. Gero kirola egiten dugu gimnasioan, afaldu eta ohera. Txanda bakoitzean suhiltzaile bat da sukaldari eta hura arduratzen da erosketak egiteaz, eta gosaria, bazkaria eta afaria berak prestatzen ditu. Funtzio hori ez dugu gustuko, egia esan (barre). Jende askok ikasi du han sukaldatzen. Gainera exijenteak dira.Gauean ez badago ezer, 07:00etan esnatu gosaldu, txanda eman eta etxera. 

- Zer behar da suhiltzaile izateko? 
Gogo handia; horrez aparte eskatzen dira funtzionario izateko baldintza berak: legeekin lotutako jakintza; kamioi eta trailer artikulatu gidabaimenak eta ez izatea gaixotasun larririk. Eta horrez guztiaz aparte, izaten dira azterketa teorikoa, proba fisikoak, proba psikoteknikoa (nortasunari buruzkoa ala logikari), eta batzuetan kamioiko azterketa ere egiten dizute. Hori bai, bada kendu beharreko mito bat: orain arte beti eskatu izan dira proba fisiko batzuk desproportzionatuak lanarekin konparatuta. Orain, forman egon behar da, baina gehiago eskatzen da oreka fisiko-mentala izatea fisikoki oso-oso ondo egotea baino. Egia da, sute forestaletan fisikoki ondo egotea asko eskertzen dela, eta egia da nik entrenatu nuela gogor lortu arte, baina nik lortu nuen eta nik lortu badut… Inportanteena da denbora asko eskaintzea: ikasi, ikasi, ikasi, entrenatu, entrenatu, ikasi, ikasi, ikasi…

- Ze ikasi?
Legeak. Konstituzioa, Estatutua, emerjentziako legeak… eraikin teknikoak zela eraiki, edifikazioa, industrialdeak… suteen teoria, garraio arriskutsuak, geografía, kallejeroa, fisika, hidraulika, mekanika… Aurreko frogak prestatzeko akademia batera joan nintzen, egunero 6-8 ordu eman nituen urtebetez, baina orain Bilbokoa nago prestatzen nire kabuz. 

- Zergatik aukeratu zenuen suhiltzaile izatea?
- Fisioterapia ikasketak amaitu nituen unibertsitatean. Baina gero bat-batean dena bukatu zen, eta hasi nintzen pentsatzen zer nahi nuen egin eta izan, eta konturatu nintzen larrialdiekin lotutako kontuak asko gustatzen zitzaizkidala. Orduan banuen lagun bat Bartzelonan suhiltzaile izateko prestatzen zebilela, eta konturatu nintzen hori nuela gustuko, eta hasi nintzen prestatzen. Baina ikusten nuen gainditu-ezineko mendia zela. Eta zela aurre egin antolatu nuen: euskara ikasi, kamioiko gidabaimena atera, forman ipini… eta gero oposizioak prestatzen hasi. Erritmo gogorregia zen bestela. Eta nire burua prest ikusi nuenean egin nuen aurrera. Egon naiz bost urtez. Azken urtean bai laga nion apur bat bizitzeri, baina bestela lasai hartu nuen. Banekien nirea zela fondoko lasterketa, ez nituen nire indarrak eta gogoak galdu nahi. Hala ere, halako zerbait prestatzen hasten zarenean, beti duzu zalantza ea lortuko duzun ala ez. Orain barruan nagoela, uste dut merezi izan duela. Ez dute nire burua beste inon ikusten

- Emakume izateak zailtasun berezirik ekarri dizu zeregin horretarako? 
Berez suhiltzaile izatea zaila da, prestakuntzarengatik, konpetentzia handia dago, egon behar zara beti adi, beti prest, oposizioak irteten direnean entrenatuta egoteko. Bestalde, emakume izateak ez zizkidan zailtasun berezirik ekarri lanean hasi aurretik, nire inguruan babestu nautelako mordoa eta indarrak eman dizkidate, gogoak ere laguntzen du… behin barruan, batzuetan bai sor daiteke pikea gizonekin, ze proba fisikoen baremoak, adibidez, desberdinak dira, nahiz eta gutxi, desberdinak dira. Pertsona batek oposizioak amaitzen baditu, kapaza da lan hori egiten du. Berdin da korrika egitea apur bat polikiago, horrek ez du markatzen zure gaitasuna. Lantalde batean batek indar gutxiago izango du eta beste batek gehiago, baina akaso jendearekin nik tratu hobea daukat.. hori da lantaldea. Ezin gara bakarrik ezaugarri fisikoekin geratu. Interbentzioan sekula ez jata gertatu mutila banintz hobeto izate. Beti binaka egiten dugu lan. Baina behin lanean hasita, lankideekin oso ondo moldatzen naiz. Ya ohituta daude neska naizelako eta gero eta gehiago gara. 

- Uste duzu emakume-suhiltzaile gehiago izan beharko liratekeela, edo akaso lanbidea dagoela lar mitifikatuta?
Oso mitifikatuta dago. Politagoa da gizon indartsua izatea, egutegietakoa, baina ez da horrela. Gustatuko litzaidake emakume gehiago egotea. Gizarte barruan ere erritmo berean egiten dugu aurrera, eta gustatuko litzaidake ailegatzea eguna non emakume eta suhiltzaile izatea ez den notizia. Iurretan ni naiz bakarra, ni baino lehen egon zen beste bat eta badago baita ere sargentu bat. Iurretako parkean aldagela daukagu, beste batzuetan hori ere ez dago. Bizkaian 8 neska gara, banatuta zortzi parketan. Batzuetan ez dago batere ez eta bestetan bi.  

- Besterik nahi baduzu esan…
Lanera super pozik noala. Piloa gustatzen zait nire lana, maiteminduta nago. Berdin da asteburua izan, Gabonak izan… ni pozik noa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.