Klima larrialdia salatzeko lanuztea egingo du LABek

Ubane Madera 2019ko ira. 26a, 19:39
Debaldeko LAB sindikatuko kideak Eibarko bulegoan. Argazkia: LAB

Bihar, irailaren 27, Debarroko LAB sindikatuak bi orduz eten egingo du eguneroko jarduna. Krisi klimatikoa salatzeko protesta egin eta krisi larrialdiari eman beharreko “erantzun eko-sozialistariburuz gogoeta egiteko” aprobetxatuko dute lanuztea. Horrez aparte, langileak deitu ditu gainerako mobilizazioetan parte har dezaten. 

Biharko, irailaren 27a, klima larrialdiaren kontrako greba orokorra dago deituta mundu mailan. Joan den irailaren 20tik herri eta hiru ugaritan mobilizazioak egiten dabiltza gauza berarengatik, munduko elkarte ekologista, sindikalista eta bestelako kolektiboek deituta, tartean, Fridays For Future gazte mugimenduak.  

Bada horren harira, Deba eskualdeko LABek iragarri du bihar 11:00etatik 13:00etara LAB sindikatuko langileek eten egingo dutela lan-jarduna, eta aprobetxatuko dutela gaiari buruz “hausnarketa egiteko”. Era berean, bestela ere deitu diren mobilizazioetan “aldarrikapen propioekin parte hartzera” deitu ditu langileak.

"Geratu, pentsatu eta ekin"

“Ekimen honekin LABek kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren kontra agertu eta burujabetza ekosozialista eta feministaren aldeko apustua berretsi” egin nahi du. Haren ustez, “kapitalismoaren bilakaerak” oro har, “langileon prekarizazioa kronifikatu” egin du.

Uste du beharrezkoa dela “agenda soziala” martxan jartzea, eta baita ere “trantsizio ekosozialistarako oinarriak” jartzea. “Geratu, pentsatu eta ekin”, diote. Eta ildo horretatik, zera gaineratu du: “Gelditu egingo da sindikatua, eztabaidarako, hausnarketarako eta ekinbide berriak adosteko. Lan mundua eraldatuko badugu,ezinbestekoa baita sindikatua eraldatzea”.