Frontea egonkortu egin zenez, soldadu kopuru handiagoa behar zen. Horrela, Euskal Gobernuak Bizkaian egin zuen bezala, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak 1931, 1932, 1933, 1934, 1935, 1936 eta 1937ko kintoak mobilizatu eta ejertzito nazionalera batzeko deialdiak egin zituen.
Bando bietan
Udalak deialdietako zerrendak osatzen zituen kintoen izenekin eta ondoan jasotzen zen bakoitzaren egoera: aurkeztua, ez aurkeztua, desertorea, fabrikan militarizatua, iheslaria... Herrian geratutako plazentziatar askok derrigorrean joan behar izan zuten.
Ez da ahaztu behar urte haietako deialdiei zegozkien gazte asko milizietan eta Euzko Gudarostean ari zirela altxamenduaren hasieratik, Errepublikaren defentsarako bandoan.
Horrek egoera gogorrak eragin zituen: familia bereko semeak edo lagunak bando banatan egotea ere ekarri zuen, eta askori entzun izan zaio herrian esaten nola fronteko alde batetik bestera jarduten zuten anaiek edota lagunek elkarri berbetan, Ilordotik Munetara elkarren berri galdetzen eta ematen.
Bonbardaketak herrian
Gainerakoan, gerra-egoerak baldintzatzen zuen herriko bizimodua. Ilordo eta Elgetako frontetik jaurtitako tiroek, esate baterako, babes-neurriak hartu beharra eragin zuten.
Soraluzek bonbardaketak jasan zituen 1936ko irailaren 24an eta 25ean, eta baita urriaren 22an ere. Gobernadore Zibilari bidalitako informazioaren arabera, 12 kilo inguruko bonbak ziren, eta soldadu baten heriotza eragin zuten. Kokalekuak ere inoiz nahastu ere egin zituzten; nazionalek behin Untzetagaina bonbardatu zuten, Ilordo zelakoan. Izara zuriak atera zituzten eta gero bai, gero Ilordora joan ziren. Kanpaiak joaz ematen zuten hegazkinen etorreraren berri.
Morteroek hilda
Horretaz gain, asko izan ziren morteroekin frontetik jaurtitako tiroak ere. Haietako batzuek bi herritarren heriotza eragin zuten kanoi-fabrikan, 1937ko martxoan: Jose Garay Elorza eta Timoteo Ucin Artolazabal, biak 17 urtekoak. Morteroek jaurtitako bonba haiek kalte materialak ere era- gin zituzten herrian, kainoi-fabrikan ez ezik, beste eraikin askotan ere: Batzokian, Erregetxean....
Herrian geratu ziren asko etxez aldatu ziren arrazoi horrexegatik, eta baserri batzuetara edo Errekalde ingurura alde egin zuten. Baserri batzuetatik derrigorrean atera zituzten etxeko bizilagunak, besteak beste Iturbe Zahar, Eitza eta Barrenakoak, frontea bertan zutelako. Iturbeberri baserriaren kasua aipatzekoa da. Milizianoak bertan zeudelakoan, Munetako haitzetako erreketeek su eman zioten baserriari eta erabat kiskali zuten, abere eta guzti.
Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.