36ko gerra Soraluzen

Aldaketak eguneroko bizimoduan

Ubane Madera 2019ko ira. 29a, 07:18

Plaza Berriari izena aldatu eta El Tecio de Montejurra izena jarri zioteneko ospakizuna.

Maisu-maistrak aldatu, kaleei eta plazei izen berriak ipini eta ospakizun berriak asmatu zituzten nazionalek; horrekin batera, jakina, jai zaharrak desagertarazi egin zituzten, aratusteak, adibidez. Halaxe jasotzen du Isiltasuna hausten liburuaren gaurko pasarteak.

Gerra egoerak eraginda, okupazioa hasi eta 1937ko ikasturtean eskolak itxita egon ziren. Batetik, tropak Erregetxeko eskoletan zeudenez, ezin ziren egokitze eta garbiketa lanak egin. Bestetik, hainbat maisu -maistra atxilotu eta kargugabetu egin zituzten: Angel Navarro Azofra maisua azaroaren 20an atxilotu eta Ondarretako kartzelara eraman zuten; Juan Antonio Allue maisua, Deustuko kartzelan atxilotuta eduki eta 1937ko martxoan, betirako kargugabetu zuten; eta Guillermina Altolagirreri herriko lanpostua kendu zioten.

Formazioa irakasle berriei

Gainontzeko esparruak bezala, hezkuntza ere oso garrantzitsua zen nazionalentzat eta bertan haien gizarte eredua ezartzeko baliabide denak erabili zituzten. 

Maisu-maistrei zegokienez, altxatutakoen ereduari buruzko jarraibideak eman eta prestakuntza saioak antolatu zituzten Donostian, 1937ko urtarrilaren 7, 8 eta 9an, egoera berrira molda zitezen, nahiz eta eskolak martxan egon ez. Han izan ziren Plazentziako maisu-maistrak ere.

Gerora izendatutako irakasleak Hipolito Gutierrez, Maria Teresa Banda-Ormaechea, Patrocinio Ribera Bies eta María Mercedes Arrillaga izan ziren.

Plaza eta kale-izen berriak

Udalaren ekimenak komandante militarraren eta gobernu zibilaren gainbegiratze eta agintaritzapean zeuden eta okupazio egoera haiek zuzentzen zuten. Horren adierazgarri da, besteak beste, udal-talde berriak herriko plazen eta hainbat kaleren izenak aldatu izana. Lehenengoa Plaza Zaharra izan zen. 

1936ko azaroan hartutako erabakiaren ondorioz, Plaza Zaharrak Plaza de Navarra izena hartu zuen. Lekuen izenak aldatzea okupatutako lurraldeen menperakuntza adierazteko modua izan zen altxatuentzat, garaipenaren ikur.

Aurrerago, 1937ko irailean, beste izen batzuk ere aldatu zituzten: Plaza Berriak, Plaza Tercio de Montejurra izena hartu zuen; Elizburu kaleak, 22 de Septiembre; eta Kalebarrenek, Mártires de Arrate.

Jai berriak

Jaiei zegokienez ere, Errepublika garaiko jai asko desagertu eta beste batzuk finkatu ziren, gerora urte askoan zehar mantendu zirenak, Francoren diktaduraren amaierara arte. Desagertutakoen artean, aratusteak zeuden, Gobernadore Zibilak 1937an debekatu zituen-eta.

Beste ospakizun batzuk ezarri ziren: maiatzaren 2a (meza eta desfilea egiten ziren); uztailaren 18a, altxamendua- ren urteurrena; irailaren 22a, erreketeak herrira sartu zirenekoa...

Horiez gain, gerra garaian nazionalek estatuko hiri edo eremu garrantzitsuren bat bereganatzen zutenean, ospakizuna egiten zuten herrian eta desfileak, musika saioak eta mitinak antolatzen zituzten. Umeek ere parte hartzen zuten, “pelaio” eta “margarita” moduan, eta musika banda aurrean zutela, kantuan erabiltzen zituzten. Kaki koloreko jantzia izaten zuten, mutilek frakak eta neskek soinekoa, eta buruan txapel gorria eta borla horia. Desfileak egiteaz gain, instrukzioa ere ematen zieten.

Ama mehatxupean

Arantxa Lasak gogoan dauka ama mehatxupean oihal zintzilikaria ipintzera derrigortu zutenekoa: “Amenazua beti gainian geunkan. Gure ama amenazatu eban, etorri jakon egun baten etxera aguazila. Herri bat jausten zanian, kriston jaixa armatzen eben, kanpaiak jo eta musikia joten eben eta agindu eben ipintzeko kolgadura nazionala, gorri-hori-gorrixa. Gure amak, ba, ez eban ipini. Aitta kartzelan eta nun ipiniko eban ba! Etorri jakon aguazila eta esan otsan ez ebala ipini kolgaduria. Ba, nahikua ez baeukan, gehixago nahi baeban, ez ipintzeko”. Soldaduen kamioian Bergara joan, oihala erosi eta ipini egin behar izan zuen.

Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.