36ko gerra Soraluzen

Erregimenaren jomuga estrategikoak

Ubane Madera 2019ko ira. 28a, 07:10

SAPAko babeslekua, lantegiko biharginentzat eraikia.

Isiltasuna hausten liburuaren gaurko pasarteak kanoi-fabrika eta bestelako asko militarizatu zuteneko kontakizuna dakar. Herriko fabrika asko lan barik geratu ziren orduan. Gainera, konfiskazioak ere egin zituzten.

Militarren beste helburu garrantzitsu bat izan zen herriko armagintza altxamenduaren zerbitzura jartzea, militarizatzea. Horrela, kainoi-fabrika militarizatu eta berriro ere martxan jarri zuten, frontera ez zihoazen gizonekin.

Okupazioaz geroztik 360 bihargin izan zituen, eta, bereziki, artilleriarentzako munizioa fabrikatzeari ekin zioten. Fronteak hemen iraun zuen zazpi hilabeteetan, kainoi-fabrikak etengabe jasotzen zituen milizianoen erasoak. Ondorioz, SAPA parean babeslekua eraiki zuten biharginak bertan gorde zitezen, eta orduan erabaki zuten fabrikazioa Andoainera eramatea ere. Gerraren eraginez eraiki zen, beraz, Andoaingo fabrika 1943an. SAPArekin batera, beste tailer asko ere militarizatu zituzten: 

  • Agustin Arias 

  • Sabino Achotegui y Compañia 

  • Inocencio Madina 

  • Viuda e Hijos de Salvador Amuchastegui 


Hala ere, herriko fabrika asko lanik gabe geratu ziren okupazioa izan zenean, batzuk lan faltagatik, eta beste batzuk ugazabak herritik joan zirelako. Haien artean:

  • Alberdi Hermanos, aizto fabrika 

  • Arana Hermanos, torlojuak 

  • Aguirregomezcorta y Cia , eskopeta kainoiak 

  • José María Galarraga, eskopeta kainoiak 

  • Juan Pedro Leturiondo, mahai-tresnak 

  • Fundiciones Soraluce, metalurgia 

  • Muñoa y Eceiza, trefiladoreak 

  • Juan José Lete, burdindegi-fabrika 

  • Pagnon Hermanos, burdindegi tailerra 


Langabezia handia

Tailer horiez gain, ehiza-eskopeta tailer guztiak ere itxi zituzten, militarren baimena lortu arte. Eta, nahiz eta martxoan lanean hasteko baimena lortu, arma eta munizioaren produkzio osoa ejertzitoarentzat erreserbatuta gelditu zen, 1937ko azaroaren 8ko Francoren beste agindu baten bidez.

Pentsa daitekeenez, herrian langabezia handia zegoen eta, Gobernu Zibilaren aginduz, Lanpostuak Betetzeko Langileen Erregistroa sortu zuen Udalak. Haren zeregina langabezian zeuden langileen errolda osatzea zen, hilero datuak eguneratuz. Era berean, militarizatutako tailerretan, ugazabek lanean ari ziren pertsonen erregistroa jaso behar zuten eta agintaritza militarrari bidali behar zizkioten datuak. 

Konfiskazioak

Lehengai asko konfiskatu zituzten herrian eta fabriketako materiala ere bai. Armen produkzioa ez ezik, fundiziorako txatarrak errekisatu zituzten: burdin eta latoi birutak, esaterako, granadak eta nekazal makinariarako piezak egiteko. Txatarra hori dena gober- nu zibilaren esku geratzen zen, hark Udalari dirutan zegokion ordaina eman ostean. Dirua zertarako era- bili Udalak erabakitzen zuen: langabezia gutxitzeko, txatarra-jabeei ordaintzeko...

Artilea ere konfiskatzen zuten. Gobernu Zibilak eskatutako datuetan, hilero jasotzen zen herrian zenbat artile zegoen (dendetan, biltegietan, baserritarrengan- dik...) eta artile haren egoera zein zen (garbia, landua, irundakoa...). Janariarekin ere gauza bera egin zuten (olioa, kontserbak, arraultzak, ardoa eta gan- tza). Adibidez, gantzaren ekoizpen osoa Gipuzkoako jaboi fabriketara bideratu zuten 1937ko irailean.

Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.