36ko gerra Soraluzen

Okupazio garaia herrian

Ubane Madera 2019ko ira. 27a, 07:05

Diru-iturrietako batzuk.

Bitartean, ordea, Soraluze okupatuta zegoen. Aurreko lerroetan jasota geratu da, etxea eta on- dasunak bertan lagata, herritar askok alde egin behar izan zutela Tercio de Montejurrako erreketeek herria okupatu zutenean. Okupatzaileek herria gobernatzeari ekin zioten hasiera-hasieratik eta haien lehen zeregina udal-talde berria izendatzea izan zen.

 

Udal ordezkariak herritik alde eginda zeudela eta, irailaren 23an goizeko 9retan egindako bileran, tropen komandanteak udal-gobernu probisionala osatu zuen herriko Circulo Tradizionalistaren kideak izendatuz:

  • Alkatea: Miguel Larrañaga Madina
  • Zinegotziak: Esteban Oregi Solabarrieta; Claudio Onandia Ortuzar; Sabino Madina Azkarate eta Basilio Aizpiri Ariznabarreta

Gero, urriaren 1ean, beste lau zinegotzirekin osatu zuen udal talde hura, herriari zegokion zinegotzi kopurua osatu arte:
Carlos Lizarralde Altuna, Domingo Ucin Atxotegi, Rufino Zabaleta Zangitu eta Ceferino Garai Vergara.

Lan-batzordeak

Udal-taldearen barruan lan-batzorde ezberdinak osatu zituzten: Herri-lanak, Ogasuna, Gobernua, Hezkuntza eta Jaiak; eta, herriko “normaltasuna” berreskuratu nahian, egunerokoaren kudeaketari ekin zioten, horretarako adostu zituzten hamabosteroko bileren bidez.

Izan ere, ejerzito nazionalak lurraldeak erraz bereganatuko zituenaren ustea zeukan. Egoera, ordea, “normaltasunetik” urrin zegoen, eta hainbeste luzatu zen okupazioak eta gerrak berak markatu zuten udal-gobernuaren dinamika.

Tropen egonaldia

Tropak herrian sartu eta lehenengo unetik, lapurretarako aukera izan zuten; joandakoen etxeetan sartu eta bertan zegoena harrapatu zuten: koltxoiak, etxeko arropak, ontziak eta egonaldirako behar zuten guztia. Izan ere, lehenengo zereginetako bat hainbeste gizoni ostatu ematea izan zen, eta horretarako, besteak beste, eskolak erabili zituzten. Hala bada, tropak Erregetxeko eskolan kokatu zituzten eta lekua atontzeko hustutako etxeetan zegoena baliatu zuten. Horrek eskolak martxan jartzea oztopatu zuen eta ondorioz, ikasturte hartan ez zen eskolarik izan. Perez-Salasen komandantzia, berriz, Udaletxe pareko etxean ezarri zuten, lehenengo solairuan.

Orokorrean, hasierako egun haiek lapurretarako aproposak izan ziren eta herriko jende askok ere aprobetxatu zuen joandakoen etxeetan sartu eta gauzak harrapatzeko. Etxe asko hustu zituzten. Gero, etxeak prezintatu egin zituzten eta joandakoak itzuli ahala, herritarrek kuarteletik pasatu behar izan zuten nork bere etxean sartu ahal izateko.

Gastua herriaren kontura

Okupazioak eta tropen egonaldiak, bestalde, gastu handia eragin zuten herrian eta gastu haiei aurre egitea izan zen Udalaren eta herritarren zeregin garrantzitsuenetako bat. Horretarako, herri osoak diruz lagundu behar izan zuen, enpresa zein partikularrek, eta bakoitzak emandako diru laguntzaren errejistroa egiten zen.

Diru-iturri haietaz gain, tropen egonaldiko gastuei aurre egiteko beste baliabide batzuk ere bilatu nahi izan zituen Udalak. Hala, alde egindako etxejabeek maizterrengandik jaso beharreko errentak kobratu ahal izatea eskatu zion Udalak Gipuzkoako gobernadore zibilari, baina hark eskumena ukatu zion, aginte militarrari zegokiola esanez.

Plater bakarra jateko

Okupatutako gainontzeko lurraldeetan moduan, Defentsa Batzorde Nazionalak gerra-kanpaina ordaintzeko diru-eskaerak egiten zituen eta hari ere aurre egin behar izan zion herriak, baita bestelako kanpaina zehatzetan egindako eskaerei ere: Gipuzkoako Gerrarako Batzorde Karlistak irekitako harpidetzari (diruz edo urrez egindako laguntzak eskatu zituen) edo gerrak iraun bitarteko Gabonetako kanpainari (El Aguinaldo del Combatiente izenekoari). Gainera, Udal-funtzionarioek Espainiar Nazioaren gastuetan laguntzeko ekarpenak egin behar izaten zituzten; izan ere, Batzorde Nazionalak dekretu bi- dez agindutakoaren arabera, soldata egun bat edo bi eman behar izaten zuten, irabazten zuten dirukopuruaren arabera, eta Donostiako Banco de Españara bidali. 

Dirua batzeko ekimenen artean aipatzekoa da “El día del Plato único” izeneko eguna, 1936ko urriaren 30eko Aginduaz ezarri zena. Hil bakoitzeko lehen eta hamabostgarren egunetan egiten zen, eta kartel eta iragarkien bidez gogorarazten zuten. Egun horietako jatorduetan plater bakarra janez aurrezten zen diruak osatzen zuen egin beharreko diru-ekarpena. Derrigorrezkoa zen guztientzat, baita taberna zein jatetxeentzat ere. Horretarako izendatutako arduradunak etxerik etxe pasatzen ziren diru eske. Dohaintza guzti horiek Donostiako Barcaiztegui y Maestre bankura bidaltzen zituzten. 

Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.