Hasi dituzte kiroldegiko obrak

Ubane Madera 2019ko ira. 25a, 09:23
Kiroldegia hesituta, obrak hasteko gertu.

Atzo, martitzena, hasi zituzten kiroldegian solairu berria eraikitzeko lanak eta aurreikusitakoaren arabera, lanek sei hilabete iraungo dute. Construcciones Artzamendi enpresak egingo ditu obrak, 568.000 euroko aurrekontuarekin.

Hasi dira kiroldegiari solairu berria gehitzeko obrak, aste honetako martitzenean hasi ere. Gaztelupeko terrazan gertu laga dute materiala, datozen sei hilabeteotan egin behar dituzten obretarako. Eta ingurua ere hesituta dago.

Gaur egungo espazio gabezia konpontzeko helburuarekin eraikiko dute solairua, 450 metro karratu dituen terrazaren gainean, kirol eta kultura jardunera bideratzeko. Bertan egokituko dituzten instalazioak dira: gimnasioa, spining gela, erabilera anitzeko gela, komunak eta takillak. 

Lanak Construcciones Artzamendi enpresak egingo ditu, 568.000 euroko aurrekontuarekin. Eta horietatik 250.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko ditu. 

Zirkulazioa etengo da


Obra horiek egin ahal izateko, noizbehinka eten egingo dute zirkulazioa Baltegietan, ibaiko pasabidea itxi ere bai. Plaentxia.eus-ek emango du horien berri.