Kinto-ospakizun garai bete-betea

Ubane Madera 2019ko ira. 20a, 18:04
2017ko kinto-bazkari bat.

Bihar zapatua, gutxienez hiru kinto-bazkari izango dira udalerrian. Txurrukan bazkaltzeko elkartuko dira 1961an, 1963an eta 1966an jaiotakoak. Hori horrela, eta uda aurretik onartu zen moduan, tabernek ohikoa baino bi ordu beranduago ixteko aukera dute.

Iraila eta urria kinto-bazkari-afariak egiteko hilabeterik gogokoenak izaten dira. Horren erakusle, bihar 1966, 1963, 1961 urteetan jaiotakoen kinto-bazkariak izango dira udalerrian. Irailean bigarren aldiz, bada, tabernek bi ordu beranduago ixteko aukera izango dute.

Ospakizun berezietan

Ekainean onartu zuen Soraluzeko Udalak dekretu bidez urteko hainbat egunetan bi orduz luzatzea ostalaritza establezimenduek duten ixteko ordua. Herrian ospakizun bereziak izaten diren egunak dira: kinto ospakizunak, Gaztañerre, Gabonak, jaiak, Berenjena Eguna…

Bada, irailean eta urrian badira halako zazpi egun. Izan ere, kintoak izan ala bestelako ospakizunen bat izan, iraileko eta urriko zapatu guztietan aplikatuko dute dekretua.