36ko gerra Soraluzen

Euskal Gobernuaren eta bestelako erakundeen sorrera

Ubane Madera 2019ko ira. 26a, 07:10

Euzko Gudarostea. Argazkia: Wikipedia.

Politikoki ere, irailaren bukaera eta urriaren hasierako etapa hark garrantzi handia izan zuen; izan ere, Espainiako Gorteek urriaren 1ean Estatutua onartu zuten eta, beraz, Euskal Gobernua eratu zuten Gernikan 1936ko urriaren 7an.

EAJ eta Frente Popularreko alderdiek osatu zuten Gobernua eta Jose Antonio Agirre izendatu zuten lehendakari. Gobernua honako hauek osatu zuten: EAJko lau kidek, PSOEko hiruk, ANVko batek, PCEko batek eta bi errepublikarrek, URko eta IRko banak. Nazionalistak ziren, José Anto- nio Agirre (Lehendakaritza eta defentsa), Jesús María Leizaola, Heliodoro de la Torre eta Teles- foro Monzon; PSOEkoak Santiago Aznar, Juan de los Toyos eta Juan Gracia; Alderdi Errepubli- karrekoak Alfredo Espinosa eta Ramón María Al- dasoro; ANVkoa zen Gonzalo Nárdiz eta Alderdi Komunistakoa Juan Astigarribia. 

Euzko Gudarostea

Estatutuak, hortaz, historiako lehen Euskal Gobernuaren sorrera ekarri zuen, behin-behineko koalizio gobernua. Gerra egoerak eraginda, esku- men guztiak eduki zituen gobernu hark eta Estatu independiente gisa funtzionatu zuen. Esparru batzuetan jarduera zabala izan zuen: Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa sortu zuen, Dekretu eta Agindu ugari ezarriz; ikurriña bandera ofizialtzat hartu zuen 1936ko urriaren 19ko Dekretuak jasota.

Defentsari zegokionez, armada eta itsas-armada sortu zituen, baita Euzko Gudarostea ere. Erreklutatutako kintoek eta alderdietako milizianoek osatu zituzten. Soldaduak hornitu behar izan zituzten, armak erosi, ekoiztu, itsasontziak birmoldatu...

Euskal txekeak

Artilleria eta hegazkineria, ordea, ahulak zituzten beste bandokoenekin alderatuta. Administrazio lokala, berriz, berrantolatu egin zuten, defentsa batzordeak desegin eta lehengo udal-taldeak berreskuratuz. Ordena publikoa ertzaintzaren bitartez mantendu zuten. Justizia Sailak Euzkadiko Lurralde Auzitegia sortu zuen.

Ogasunak Euskadiko monetak atera zituen, Espainiako gobernuaren baimenaz; ez benetako moneta, ordea: dirua zirkulaziotik erretiratu eta txekeak sortu ziren deposito horien kontura.  Euskal Unibertsitatea ere sortu zuen, Medikuntza Fakultatea eta Bilboko Hospital Zibilaren Erizainen Eskola 1936ko abenduaren 1ean funtzionatzen hasi zirenean. 

Jarduera haiek, ordea, Bizkaian bakarrik izan zuten eragina, baita Gipuzkoako Eibar eta Elgetan zein Araba iparraldeko leku gutxi batzutan ere, okupatu zituzten arte. Hori guztia posible izan zen fronteak Deba ibaiko lerroan eutsi ziolako. 

Bilbo jausi arte

Eusko Jaurlaritzak agintearen ardura hartu zue-nean, ordura arte milizia-talde izan zirenak, aginte bakarraren menpean egituratutako armada bilakatu ziren. Horretarako 1930, 1931, 1932, 1933, 1934, 1935, 1936 eta 1937ko deialdiak mobilizatu zituzten. Azkenean, hemezortzi eta berrogeita bost urte bitarteko gizonezko guztiak Defentsa Sailaren kontrolpean jarri zituzten. Ejertzito horretan, miliziez gain, merkantzia-ontziteria eta mobilizatutako industriak ere batu zituzten.
 
Horregatik, ikerlarien esanetan, bi gertakari haiek (Deba ibaiko frontea egonkortzea eta Euskal Gobernua eratzea) etapa berri bat ireki zuten gerraren bilakaeran, Bilbo jausi zen arte iraun zuena, 1937ko ekainaren 19ra arte, hain zuzen ere. 

Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.