Mesedeetako egoiliarren oparia mendigoizaleei

Ubane Madera 2019ko ira. 20a, 12:00
Mesedeetakoek diseinatutako buffa.

Mesedeetako egoitzako bizilagunek opari berezia egingo diete bihar, zapatua, Marraskilo Tourren parte hartuko duten mendigoizale guztiei: eurek diseinatutako buffa, lelo eta guzti: Bidaia batera pozik gogoratu. Alzheimerraren Munduko Eguna da zapatuan eta Soraluze, Mugituz! ekimenarekin duten elkarlana baliatuta, herritarrekin, eta zehazki, mendizaleekin konpartitu nahi dute eguna egoitzakoek.

Argazkiak erakusten duen moduan, koloretsua da Mesedeetako egoiliarrek Marraskilo Tourreko mendigoizaleei oparitu behar dieten buffa. Egoiliarrek eurek pentsatutakoa eta diseinatutakoa da (logoak aparte) eta egoiliarrak eurak jaitsiko dira oparia ematera. 

Anoan laguntzaile

Hain justu, mendi martxa bukatu eta dortsalak entregatzeaz batera emango diete egoitzako bizilagunek buff bana tourreko parte-hartzaileek. Horrez aparte, Plaza Berriko anoa-gunean boluntario-lanak egiten ibiliko dira goiz partean. 

Izan ere, bihar, irailaren 21a, Alzheimerraren Mundu Eguna da, eta jakinda Marraskilo Tour ekimena egin behar zela, eta Mesedeetako egoitzak Soraluze, Mugituz! elkartearekin batera hainbat ekimen landu dituztela, bide beretik segi eta eguna guztiek batera gogora ekartzea da asmoa. “Irizpide berak konpartitzen ditugu: Kirola eta inklusibitatea”.