2015ean aurkeztu zuten Isiltasuna Hausten liburua Herri Antzokian. Soraluze 1936 lan taldeak bost urtez “kontatu gabeko historia berreskuratzeko” lanaren emaitzarik sakonenetarikoa da berau.
Errepublika garaitik hasi eta gerra osteko lehen urteetara arteko kontakizuna egiten da, eta gerra ezagutu zuten 34 pertsonen testigantzak dira ardatza historia orokorrarekin harilkatuz osatu zuten kontakizunean.
Kapituluka
Testigantzekin batera, garaiko argazkiak eta agiriak ere jasota daude liburuan. 200 orrialde ditu eta atal batzuk euskara hutsean baldin badaude ere, elebitan jaso dute liburuaren zatirik gehiena (euskaraz eta gazteleraz).
Bada hori oinarri eta ardatz, orain dela 83 urteko irailetik aurrera Soraluzen gertatutakoak erreproduzituko ditugu Plaentxia.eus atarian. Helburua da Soraluze 1936 lan taldeak egindako lan mardula ahalik eta herrikide gehienei helarazten laguntzea, memoria historikoari bide emanez.