36ko gerra Soraluzen

Altxatutakoen erasoei eutsi nahian

Ubane Madera 2019ko ira. 24a, 07:53

Munetako haitzetako babeslekuak. Argazkia: 'Isiltasuna hausten'.

Nazionalek Osintxun bost lagun fusilatu zituztenekoa eta San Martzialen hilda azaldu zen sarjentuaren gaineko kontakizuna dakar gaurko pasarteak. 

Kokapenetatik joan-etorriak egiten zituzten altxatuek okupatutako baserri eta lur eremu aldera, eta handik lortzen zuten jana eta esnea.

Osintxuko fusilatuak

Osintxun bertan nazionalek sei lagun atxilotu zituzten eta batek ihes egitea lortu zuen, Olako Anbrosio Agirrek. Tiro artean errekaren beste aldera heldu zen. Gudariak, esku-ohea hartuta, Amutxastegi baserriraino jaitsi ziren haren bila, horiek ere Galarraga menditik jaurtitako tiroen artean. Anbrosio onik atera zen baina gainontzeko bost atxilotuak fusilatu egin zituzten.

Altxatutakoek erresistentzia gogorra aurkitu zuten zonalde honetan, eta uste baino gehiago kostatu zitzaien aurrera egitea, zazpi hilabetez eutsi baitzioten hemen ezarritako fronteari.

Borrokak Maltzagan

Hilabete horietan zehar, batailoi batzuk txandakatu ziren altxatutakoen erasoari eusteko ezarritako lerroan.

Soraluze inguruan, esate baterako, Barakaldo batailoia Ilordon egon zen urritik urtarrilera, eta borrokaldi gogorrak bizi izan zituen Maltzagan, abenduaren 25 eta 26an. Horretaz gain, ordea, etengabeak izan ziren bando bien arteko erasoaldi txikiak.

Sargentua ito

Beste testigantza batek jasotzen du 1936ko urriaren 19an San Martzialen gertatutakoa. Egun horretan hil zen Lucio Zalacain Elcoro, Tercio de Montejurrako sargentua zena. Orduko mediku agiriak jasotzen zuenaren arabera, sargentua San Martzialen hil zen itota, bertako depositoan dirudienez.

Errenteriakoa zen eta han lurperatu zuten. Elgeta inguruan, berriz, konpainiak hasieran eta batailoiak ondoren, txandakatuz joan ziren, erreleboak eginez, Azkonabitzan, Karabietan, Elgetako herrian, Intxorta eta Asentzio arteko lerroan: Loiola, Itxarkundia, Muñatones, Otxandiano, UHP, Meabe 5.a, Itsasalde, Ibaizabal, Padura, Martiartu eta Kirikiño batailoiak, besteak beste.

Ingeniarien 15. batailoiak, bestalde, alanbre-hesiak eta trintxerak ezarri zituen Galdaramiñon, Asurtzan eta inguru horietan.

Elorrioko kanposantuan

Aipatutako tokietan ere etengabeak izan ziren erasoaldiak eta borrokak, eta horietako batean, Elorrio inguruan atxilotu zituzten Plazentzian bizi zen José Ormazabal Arbizu eta jaiotzez ataundarra zen Ignazio Oyarzabal Olano. Biak erreketeen Nafarroako lehen brigadan zebiltzan (talde ibiltarian), García Valiño generalaren agindupean. Kausa Orokorrean jasotako informazioaren arabera, biak Elorrioko kanposantuko hormaren kontra hil zituzten 1936ko urriaren 4an. 

Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.