San Prudentzion, Saleta taldea zegoen; Angiozarren, Tejero; Soraluzen, Pérez Salas; eta Kalamua eta Arraten, Díez de Rivera.
Soraluze erdian
Frontea hemen ezarri zen, Elgetan eta Eibarren, eta Soraluze, okupatuta, bandoen arteko su-lerroaren erdi-erdian egon zen zazpi hilabetetan, 1936ko irailaren bukaeratik 1937ko apirilaren bukaerara arte.
Behaketa eta borrokorako leku estrategikoak hartu zituzten herri inguruko mendietan: ekialdeko lerroan “nazionalak”, mendebaldekoan “gorrixak”.
Nazionalen kainoia Karakaten
Nazionalei dagokienez, lau puntu nabarmendu ziren. Tercio de Montejurrakoek Munetako Haitzetan jarri zuten talde bat, 2. Konpainia izenekoa, Eibar aldera, Maltzaga gainean. Bertan, txabola txiki bat eraiki zuten, gero errepublikarren jaurtigai batek suntsitu zuena.
Aurrerago, Scheinneder kainoi bat kokatu zuten Karakaten, lau km-ko irismena zuena, eta handik jaurtitzen zituzten tiroak Eibar aldera. Tiro horietako batzuek hildakoak eta zauritu ugari eragin zituzten Eibarren. Karakatetik, Arrate, Kalamua eta Akondian zeuden beste talde nazionalekin irratiz komunikatzen ziren eta Maltzagako errepublikarren kokalekuak erasotzen zituzten.
Honako beste tokietan ere ezarri ziren: 1. konpainia San Matzialen, 3.a Osintxun eta 4.a Soraluzen bertan. Guztira, 600 gizon inguru. Halaber, Bergararako errepidearen norantzan, 6 kainoi ezarri zituzten, bata, Soraluzeko irteeran, Olabarrena parean.
Mendiaren alde banatan
Errepublikarrak, berriz, Maltzagatik Arrasateraino Deba ibaiaren ezker aldeko mendietan finkatu ziren. Soraluzen, Ilordo, Azurza eta Krabelinaitzen egon ziren.
Oraindik ere, erraz antzeman daitezke leku horietan zulatutako trintxerak; leku horietatik erasotzen zituzten nazionalen kokalekuak, eta baita Soraluze eta Osintxu arteko errepidea ere.
Osintxu aldean, nazionalak Galarraga auzoan zeuden, Sasibeltza mendian, eta frontea Basalgon. Beste batzuren artean Loiola batailoiaren konpainia bat bertan izan zen hasieran, Marcos Azkarate kapitain zela. Ekipamendua ez zen ona, eta janaria ere eskasa.
Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.