Aitor Amorren Euskal Makilen kalitate handia, berrikuntza eta haren lanerako grina goraipatu zituzten

Ubane Madera 2019ko ira. 17a, 11:21

Orain arteko erakusketa-inauguraziorik jendetsuena izan zen atzo, astelehena, erakusketa aretoan egin zena. 70 lagun pasa bertaratu ziren Aitor Amorrek 35 urtean landutako Euskal Makilen erakusketaren estreinaldira. “Erabat berritzailea izan zen Aitor Amor makilagintzan eta gainera, hark landutako makiletan ez duzue aurkituko batere akatsik, ez dituztelako”, azpimarratu zuen, besteak beste, Juan Amesti Mendizabal idazleak aurkezpen hitzaldian.

Soraluzetik bertatik zein kanpotik (Bergara, Algorta, Donostia…) etorritako jende ugari bertaratu zen atzo iluntzean, astelehena, Euskal Makilen erakusketaren inauguraziora. Dotoreziaz jantzita ikusten zen aretoa, paretetan zintzilik zein mahaietan erakusgai ipinitako Euskal Makila ikusgarrien ondorioz.

Halako 40 bat daude ikusgai, hiru motakoak: narruz eta adarrarekin egindako makila sinpleak eta ohorezko euskal makila mota bi: alpakaz edo zilarrez landutako detaileak dituztenak eta guztiz zilarrarekin landuta daudenak.

Eta ikusgai daude, baita ere, haginarekin landutako mahai eta jarleku bana, haiek ere Aitor Amorrek landutakoak. Horrez aparte, ikusgai daude ere, makilak lantzeko egur mota ugaritako lehengaiak, bastoi itxurakoak.

Hegoaldean bi makilagile bakarrik

Erakusketaren aurkezpena egin zuten udal ordezkariek, Abel Olaizola zinegotziak lehenengo eta Iker Aldazabal alkateak gero. Eta hirugarren hizlari bat ere izan zen: Juan Amesti Mendizabal idazlea. 

Hark, oro har, makilagintzari buruzko xehetasunak helarazi zituen: “Euskal Makila Iparraldetik dator. Orain dela 200 urte hasi ziren berau lantzen bertan. Hegoalden ez zen halakorik ezagutu 1982. urtera arte, Irunen hasi ziren lantzen. Eta gero, Aitor Amor hasi zen 1984. urtean. Eta kito. Ez dago gehiago”, hasi zuen hark kontakizuna.

"Berritzailea" eta "akats bakoa"

Hortik aurrera, bereziki Aitor Amorrek duen lanerako grina, berrikuntzarako joera eta egindako lanaren emaitza goraipatu zituen Amestik, azpimarratuz, kalitate handiko lana dela, batere akatsik gabekoa, Aitorrek “berezkoa duen zorroztasunaren” emaitza:

“Aitorrek guztiz berritu zuen langintza, armagintzarako erabiltzen ziren teknikak makiletan aplikatuz. Heraldika ere sartu zuen makilak dekoratzeko, eta 100 urteren ondoren, baita Eibarko damaskinatua ere. Pentsa, 1912-15ean Frantziako artisauek Eibarrera bidaltzen zituzten makilak damaskinatzera. Bada, Aitorrek dauka Eibarko azken damaskinatzaileak, Asunción Noguesek (Armeria eskolan zegoen Eibarko Damaskinatuaren Eskolako zuzendariak) urrearekin landutako makila bat (argazkian Nogués ikus daiteke makilaren ondoan). Horrez aparte, gorostiarekin egindako makilak egin ditu Aitorrek, antzina modura, nahiz eta askoz ere lan handiagoa izan gorostiarekin lan egitea”, esplikatu zuen Amestik. 

Hain justu, damaskinatuarekin landutako makila da erakusketako pieza nabarmenetako bat. Haginarekin landutako mahai gainean dago ikusgai, Aitor Amorrendako kutunenak diren beste bi makilarekin batera.

Horietako bat da, hain justu, heldulekuan Aniceto Moreno eibartarrak orain dela 20 urte grabatutako Soraluzeko armarria duen makila, Amorrendako kutunena eta Soraluzeko Udaletxearendako aproposa. Orain dela bi urte bukatu zuen makila hori. Datu bat: zilarrez egindakoa da, zilarra bera ere erabat landutakoa. Eta gorputza gorostiarekin egindakoa du. 

Ahalik eta lanik onenak

Aitor Amorrek berak esplikatu zuen, besteak beste, Euskal Makilak egiteari ekin ziola langintza hori ez zelako batere ezaguna Hegoalden. “Soldata irabazten nuen fabrikatik irten (SAPA) eta soldata bako tailerrera joaten nintzen orduak sartzera eta gustuko nuena egitera. Eta egin dut lan kalitateari begira. Adibidez, gorostiarekin hasi nintzen, egurrik onena berau delako. Mizpirondoaren egurrarekin makila polita lor dezakezu, askoz ere lan gutxiago eginda, baina epe luzera okertu egiten da. Gorostia ez. Eta nik lan egin izan dut harekin, pentsatzen dudalako berau dela onena, nahiz eta kostua asko handitu. Gauza bera egin dut makilen dekorazioarekin: erliebeak, grabatuak, entrelazatuak… erabili ditut, nahiz eta lan handiagoa izan”. 

Euskadiko txanponekin eginda

Beste adibide bat: Iker Aldazabal alkateak udaletxeko alkatetzan zintzilik dagoen Euskal Makila eraman zuen erakusteko. Hura ere Aitor Amorrek egindakoa da, eta Alberto Sodupe alkate zela eskuratu zuen Udalak. Gorostiarekin landutakoa da. Eta zilarrezko txanponak ditu puntan. Hain justu, makilak beharrezkoa duen oreka izateko, beruna barik Euskadiko txanponak sartu zizkion puntan Aitor Amorrek. Heldulekua, berriz, idi adarraz egindakoa da, eskuz landutakoa. 

Bada, makilagintzan jardun duen Soraluzeko artisau bakarrak landutako altxor horiek guztiak ikusgai izango dira irailaren 28ra bitartean erakusketa aretoan. Gainera, behin baino gehiagotan bisitatzeko modukoa da erakusketa, makila bakoitza dagoelako detailez beteta eta denbora behar da horiek ikusteko.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.