“Berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatu”

Ubane Madera 2019ko ira. 16a, 12:39
Pentsioen aldeko elkarretaratzea, irailaren 16an.

Hasi dute “ikasturtea” pentsio publiko duinen aldeko asteleheneroko protesta-egileek. 60 bat lagun elkartu dira gaur eguerdian Plaza Berrian, eta behin lehenengo elkarretaratzea eginda, iaz moduan, eten barik segitzeko asmoa dute: astelehenero elkarretaratzeak 12:00etan eta hileko azken astelehenean manifestazioa.

2019-2020 ikasturteko lehen elkarretaratzea baliatu du Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak kezka helarazteko “Estatu mailako politikan gertatzen denaren aurrean”. 

Oro har, uste dute “gobernu aurrerakoia eta soziala abian jartzeko zailtasunak” ezartzen dabiltzanak direla “Pentsio Publikoen Sisteman murrizketak eskatzen dituzten berberak”: “Egoera hau onartezina da. Hautetsontziek adierazi zuten gobernu aurrerakoi eta sozialaren alde herritar gehiengoaren eskubideetan aurrera egiteko”, diote.

Ildo beretik “ezinbesteko” ikusten dute “Estatua gobernatzeko programa progresista defendatzen duten indar politiko guztien akordioa eta Pentsioen Sistema Publikoak dituen beharrak konponduko dituen legeak abian jartzea”. 

"Larrialdi egoeran"

Gogora ekarri dute pentsiodun askok zailtasunak dituztela hilaren bukaerara heltzeko, “larrialdi egoeran gaude!”, diote. Eta uda aurretik egiten zituzten aldarrikapen berberak egiten segitzen dute: “Pentsioen KPIren igoera automatikoa bermatzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; pentsio erreformen indargabetzea eta emakumeen eta gizonen arteko soldata aldea bukatzea”. 

Eta horregatik guztiarengatik, berretsi dute pentsiodunek “kalean eta herriko plazetan jarraituko” dutela borrokatzen, kolore guztien gainetik: “Berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatu”, aldarrikatu dute.