Jendetsu eta arrakastatsu Mesedeetako jaiak

Ubane Madera 2019ko ira. 16a, 09:57

“Pozik” daude Errekalde-Txurrukeneko jaien antolatzaileak asteburuak emandakoarekin: “Jendeak ondo pasatu zuen. Eguraldiak lagundu egin zuen eta ordu txikiak arte luzatu zen festa, gainera. Dena ondo irten zen”, adierazi dute. Horren erakusle, ogi barik geratu ziren barikuan, eta atzo otarrainxka barik geratu ziren bertaratutako asko. (Argazkiak: Fernan Oregi)

Jende ugari ibili da asteburuan Txurrukeneko jaietan. Auzotar eta herritar asko erakartzen dituzten jaiak izanda, aurten benetan jendetsu joan dira jaietako hiru egunak, eguraldia lagun izan dute-eta. 

Horren adierazle, adibidez, atzo domeka batek baino gehiagok ez zuen astirik izan otarrainxkak dastatzeko, berehala agortu ziren-eta. Barikuan, berriz, ogi barik geratu ziren txosnan, jendeak bertan afaldu nahi izan zuen-eta: “Bederatzi barra gehiago igo genituen eta horrela konpondu ginen”, esplikatu dute. Eta zapatua ere bide beretik joan zen, bazkariak, jolasek, umeendako animaliek eta zela ez, su artifizialek lagunduta.

Zozketako irabazleak

Ostera, eta aipagarrien artean, Mesedeetako jaietan estreinatu dira Soraluzeko Udalak eskuratu dituen buruhandi berriak. Bestalde, jaiak antolatu ahal izateko saldutako txartelen irabazleen bila dabiltza oraindik. Zenbakiak, honakoak:

  • 847 (ordezkoa, 772)
  • 1.367 (ordezkoa, 903)

Irabazleek irailaren 30era arteko epea izango dute saria eskuratzeko. Agertu ezean, urriaren 1etik 15era bitartean zenbaki ordezkoen jabeendako izango dira sariak. Eta haiek ere ez badira agertzen, sariak emateke lagako dituztela ohartarazi dute.