Aste honetan hasiko dira LTDko frekuentziak aldatzen

BABESTUTAKO EDUKIA 2019ko ira. 16a, 08:25
Javier Mestre antenista.

Aste honetan piztuko dituzte telebista digitaleko frekuentzia berriak eta hurrengo hilabeteetan trantsizio epe bat egongo da komunitateetako antenak egokitzeko, 2020ko ekainaren 30era arte. Javier Mestre antenistak zerbitzua eskaintzen du egokitzapenaren prozesu osoa kudeatzeko.

Urte gutxi joan dira antenetan LTDa egokitzapenak egin zituztenetik, azkena, 2014an egin zen. Orduko hartan, Espainiako estatuan kolapsatu egin zen prozesua eta Espainiako Gobernuak luzatu egin behar izan zituen aurreikusitako epeak.

Javier Mestre antenistak ez du uste oraingoan prozesua kolapsatuko denik, baina, hala ere, komunitateetako arduradunei gomendatu die “lehenbailehen” egiteko euren instalazioak egokitzeko eskaerak, “antena guztiak egokitzeko urtebete baino gutxiago egongo da eta”. Javier Mestre dagoeneko hasita dago komunitateen eskaerak bideratzen, izan ere, zerbitzu osoa eskaintzen du, dirulaguntzak eskatzea barne.  

Trantsizio epea ekainera arte

Lurreko telebista digitaleko frekuentzia berriak aste honetan piztuko dituzte Hego Euskal Herrian, “bigarren dibidendu digitala» deitu diotenaren testuinguruan, mugikorretako 5G teknologiaren zabalpenari tokia egiteko. Hori dela eta, datozen hilabeteetan trantsizio epe bat izango da antenak egokitzeko, eta prozesua 2020ko ekainaren 30ean amaituko da.

Prozesu horrek ez du eragingo telebista katerik desagertzea edo berririk agertzea. Soilik frekuentziak aldatuko dira tokiz, eta LTDko deskodetzaile zaharrak lehen bezala erabili ahalko dira. Antena indibiduala duten etxeetan etxeetan nahikoa izango da kanalak berriz sintonizatzea. Ostera, komunitateetako antena kolektibo gehien gehienak egokitu egin beharko dira (banda zabalekoak ezik).

Diru laguntzak

Espainiako Gobernuak egokitzapen horietako bi  lagunduko ditu diruz, ez bere osotasunean, berriki jakinarazi dutenez. Javier Mestrek azaldu duenez, “Soraluzeren kasuan antena kolektibo bakoitzean hiru adaptadore aldatu beharko dira eta gobernuak bi adaptadore lagunduko ditu 260 euroko laguntza emanez. Sintonizatzea bakarrik eskatzen duten ekipoetako lanetarako berriz, 104,3 euroko laguntza izango da". 

Herritarrek euren kabuz kontsulta dezakete laguntza horien gaineko informazioa www.televisiondigital.es webgunean, baita doako bi telefonotan ere: 901- 20 10 04 eta 954-30 65 01. Eskatu ere egin ahalko dituzte, hala ere, dirulaguntzak eskatu ahal izateko ezinbesteko baldintza da egokitzapen lanak horretarako baimendutako antenista batek egitea. Aipatu bezala, Javier Mestrek dirulaguntzen eskaerak ere bideratzen ditu.