Su artifizialak, pottokak, bazkaria eta beste, Mesedeetako jaietan

Erredakzioa 2019ko ira. 13a, 15:10

Bazkaltiarrak mahaiaren bueltan, iaz.

Guztia gertu dute Errekalde-Txurruken inguruan gaur hasiko diren Mesedeetako jaietarako. Arrakasta izan ohi duten ekitaldiak egongo dira domekara bitartean. Arrakastatsuenak su artifizialak direla kontatu dute.

 

 

 

«Iaz jaiak ondo irten ziren, beraz, aurten errepikatu egingo ditugu». Horrela laburbildu dute Mesedeetako jaien antolatzaileek egunotan bertan izango den eskaintza.

Eskaintza preziatua berau, izan ere, auzotarrek ez ezik, herritar ugarik bisitatzen du Errekalde-Txurruken auzoa jaietan.

Suak

Su artifizialek, adibidez, egundoko arrakasta dutela kontatu dute: «Herrian ez daudenez... koloreetakoak, palmera itxurakoak, airean bueltak ematen dituztenak, zuriqk... denetik egoten dira, politak izaten dira, egia esan», diote antolatzaileek. Gasteizko Don Petardo saltokitik ekartzen dituzte suok.

Arrakastsuak izaten dira, baita ere, Lopene-Gorritiren animaliak. Zezentxoez aparte, pottokak ere izango dira, «eta iaz moduan, baita karroa ere, umeak bertara igo daitezen».

Eta arrakastatsua izan ohi da ere biharko bazkaria: «120 bat lagun izango gara», diote.

Domeka 15:00ak arte

Gaur hasiko dira, hain zuzen, Mesedeetako jaiak. 100 lagunendako txokolatea gertu izango dute jaiak ondo hasteko. Eta umeendako gaurko jolasak Institutuko gazteek antolatuko dituzte, ikasbidaiara joango direnek, alegia.

Mus txapelketa jokatuko dute, berriz, gauean. Hor parte hartzeko jokoa hasi aurretik eman behar da izena.

Paella-jana

Biharkoari dagokionez,  12:30ean buruhandiak irtengo dira, auzoko neska-mutikoen eskutik. Toka txapelketa egongo da ondoren, eta gero paella jana.

16:00etan, berriz, jolasak izango dira, tute txapelketa ere bai eta 19:00etan Lopene-Gorriti bertaratuko da, bere animaliekin. DJ Xabiren txanda izango da, berriz, 22:30ean eta gauerdian su-artifizialak izango dira.

Langostino-jana

Eta jaiak borobiltzeko, domekan, patata tortilla lehiaketa prestatzen hasiko dute eguna;12:30ean, berriz, dantzariek erakustaldia egingo dute , ondoren toka izango da, eta 13:30ean otarrainska eta patata tortillen dastatzea eta sari banaketa. 15:00etan amaituko dira jaiak.

Eta beste datu bat ematearren, 12 bat lagunek egingo dute lan egunero martxa bizian ibiliko den auzoko txosnan.

Egitarau osoa ikusgai dago agendan.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.