Debabarrena defendatu zuten Diputazioko agintarien aurrean

Ubane Madera 2019ko ira. 13a, 13:21

Diputazioko eta Debabarreneko ordezkariak Eibarko batzarrean, atzo. Argazkia: Diputazioa.

Atzo, eguena, batzarra egin zuten Markel Olano diputatu nagusiak, Imanol Lasak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Debabarreneko alkateek, Debegesako arduradunek eta ekonomia alorreko eskualdeko hainbat ordezkarik, tartean, BPTD markako ordezkariek. Besteak beste, “lurralde oreka” eskatu zieten diputazioko agintariei. 

Iker Aldazabal, Soraluzeko alkatea ere tartean zela, Eibarren elkartu ziren atzo Debabarreneko udaletako alkateak, Basque Precision Technology District  markako ordezkariak, Eduardo Zubiaurre tartean, Debegesako arduradun Juan Angel Balbas eta Cristina Zumeta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olano, Ekonomiako diputatu Imanol Lasa, sail bereko zuzendari Iker Estensoro eta Jon Gurrutxaga.

Diagnostikoa

Labur esanda, eskualdeko egoeraren diagnostikoa helarazi zieten Debabarreneko ordezkariek Diputaziokoei, indarguneak eta gabeziak: egoera sozioekonomikoa eta laborala eta hirigintza eta azpiegitura ikuspuntutik dauden gabeziak. 

Jakinarazi zieten, besteak beste, Debabarrenean urtetik urtera behera doala enpresa kopurua eta zailtasun handiak daudela egoerari buelta emateko, batik bat, Donostialdeak eta Bilboaldeak enpresak eta enpresariak erakartzeko duten xurgagailu efektuak eraginda. 

Kokapen estrategikoa

Horren parean, Debabarrenaren kokapen estrategikoa defendatu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoaren zentroan dagoelako. Eta horrekin batera, eta eskualdearen izaera industriala azpimarratuta, “lurralde oreka” eskatu zieten eskualdeko ordezkariek Diputaziokoei. 

Horrez aparte, eskatu zieten egin dezatela lanketa berezia azpiegitura eta hirigintza esparruei dagokienez. Azken horri dagokionez, adibidez, gogora ekarri zuten Soraluzek, Elgoibarrek eta Ermuak duten egoera kaskarra dela. 

«Momentu egokia»

Behin egoeraren berri izanda, batzarrean parte hartu zuten erakundeetako ordezkariek elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu zuten: Debegesarekin elkarlanean Alkarrekin izeneko egitasmoa baliatuta, esklusio egoerei aurre egiteko neurriak hartuz, Gizarte Politika Sailaren bitartez edo Debagoiena eta Debabarrena lotuko dituen bidegorria egitea mahai gainean jarrita. 

“Legealdi hasieran gaude, eta orain da momentu egokia elkarlanean landu nahi diren proiektuak Diputazioari helarazteko”, esan du Iker Aldazabal alkateak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.