Ibaiko bitsa araztegitik dator

Ubane Madera 2019ko ira. 14a, 09:15
Bitsa ibaian pilatuta, presaren beheko aldean. Argazkia: Soraluzeko Udala.

Ekainean bitsa, aparra azaldu zen egunero gure ibaian. Eta abuztuan bitsa pilatuta ikusten zen, batik bat, presa behetan. Egoerak kezkatuta, bitsaren jatorriaz galdetu zuen Soraluzeko Udalak, eta jasotako azalpenaren arabera, Mekolaldeko araztegiak sortzen du aparra, eta ez da toxikoa.

Ekainean Deba ibaiak zekarren bitsak kezka eragin zuen Soraluzeko Udaleko Ingurumen Sailean. Protokoloari jarraituta, 112-ra deitu eta egoeraren berri eman zuten. Eta 112tik esplikatu zuten Mekolalden dagoen araztegitik zetorrela bitsa, eta ez kezkatzeko.

Abuztuan gehiago

Abuztuan, baina, bits kopurua ugaritu egin zen. Eta presa beheko aldeetan haren pilaketa ere gertatu zen, argazkiak erakusten duen moduan. Lehenagotik bazegoen kezka handituta, oraingoan Ur Agentziari deitu zioten Udaleko Ingurumen Sailetik. Eta handik inspektorea bidali zuten, egoera ikuskatzera. 

Hark berretsi egin zuen ekainean jasotako azalpena: “Ibaiko aparra Mekolalden dagoen araztegitik dator. Araztegian uren arazketan sortzen diren solidoak flokulatzeko polielektrolito izeneko substantzia erabiltzen dute eta hori da aparra sortzen duena. Ez omen da toxikoa eta lasai egoteko, baina asko agertu denez, ur-agentzia araztegiarekin harremanetan jarri da eta bitsa hori gutxitzeko eskatu diete, bestelako produkturen bat erabilita. Kontua da, bitsa gutxitzeko produktua dela toxikoa”, jakinarazi zion inspektoreak Udaleko Ingurumen Sailari.