Euskal Makila sorta ikusgarria ipiniko du Aitor Amorrek ikusgai, bere ibilbideari agur esateko erakusketan

Ubane Madera 2019ko ira. 12a, 19:30

Aitor Amor Euskal Makila batzuekin, erakusketa aretoan. Argazkia: Fernan Oregi.

Astelehenean, irailaren 16an erakusketa berezia zabalduko dute kiroldegiko aretoan: 1984tik Euskal Makilak lantzen jardun duen Aitor Amorren erakusketa. 40 makila erakutsiko ditu, besteak beste, ikusgarriak guztiak ere; egurrezkoak, noski, eta zilarrezko, alpakazko eta hezurrezko brida eta tuntunekin dotoretuta. Izan ere, Amorrek laga egin behar dio Euskal Makilak egiteari.

Buru-belarri dihardu Aitor Amorrek astelehenean zabalduko duen erakusketa prestatzen. Kiroldegiko aretoan gertu ditu erakutsiko dituen 40 Euskal Makilak. Baita haiek erakusteko erakustokiak ere, horiek ere Amorrek berak landutakoak. Eta hori guztia osatzeko, haginarekin egindako bi mahai ere erakutsiko ditu: “Bata txikia eta bestea altua; eta aulkia ere erakutsiko dut”, dio.

Ibilbidearen agurra

Amorrek erakusketarako aukeratu dituen makilen artean, bada bat orain dela 20 urte hasi eta orain bukatu duena. Berarendako makilarik kutunenetarikoa da, gorostiarekin eginda dago eta Plazentziako armarria du bridan, zilarrean landuta. Kontatu duenez, 150 ordu eman ditu hura lantzen.

Bada, makila hori eta gainerako guztiak dira Aitor Amorrek eskulangile moduan egin dituen 35 urteko ibilbidean landu dituenetako batzuk. Izan ere, zelanbait esateko, erretiroa hartu behar du eskulangintzatik: “Ya nire begiak ez dira lehengoak, eta detaile txikiak kosta egiten zaizkit mordoa. Segituko dut gauzak egiten, baina, nire etxerako”, esplikatu du.

Hegoalden bakarrak

Beraz, esan liteke, oraingoz behintzat, azkeneko aukera izango dela Aitor Amorren lanak ikusteko. Eta kontuan hartzeko moduko aukera da, ze, Euskal Herrian, Hegoaldean Aitor Amor bera eta Irungo alberditarrak dira Euskal Makilak lantzen dituzten bakarrak. Sariak ere eskuratu ditu Aitor Amorrek bere lanarengatik, Kalagorrin (Calahorra), Cascanten, Basaurin eta Belgikan, besteak beste.

Esandako moduan, erakusketa irailaren 16an inauguratuko da; eta sarrera emango dio Juan de Amesti Mendizabal idazleak. Besteak beste, euskal makilei buruz idatzi izan du Amesti Mendizabalek, askotan Aitor Amorrek berak lagunduta, beraz, laguna ere badu hura.

Behin erakusketa zabalduta, hilaren 28ra arte izango da aukera berau ikusteko. Ordutegia, ohikoa:

  • Astelehenetik barikura: 19:00-20:30.
  • Zapatuak: 12:00-13:30.