Berritasunekin dator Gaztañerre azoka

Ubane Madera 2019ko ira. 11a, 10:55
Baserritarrak, artisauak eta udal ordezkariak atzoko batzarrean, martitzena.

Azaroaren 9an tokatzen da aurtengo Gaztañerre azoka; 24. edizioa da, eta berritasunekin dator: 10:00etan zabalduko da, baserritar gehiagok parte hartuko du eta udalerrian ez da kanpoko saltzailerik izango. Atzo, martitzena, egin zuten azoka antolatzeko batzarra, eta besteak beste, erabaki zuten urriaren 13an itxiko dutela bertan parte hartzeko izen-emate epea.

Gaztañerre azokan parte hartuko duten baserritar eta artisau gehienak bertan zirela egin zuten atzo, martitzena, aurtengo edizioa prestatzeko azken-aurreko batzarra, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Eta urtean egindako beste bi batzarretan proposatutako eta komentatutako hainbat gairi buruzko erabakiak zehaztu zituzten. 

Ordubete beranduago

Adibidez, erabaki zuten aurten Gaztañerre azoka 09:00etan barik 10:00etan zabalduko dela. Izan ere, 09:00etarako gertu egoteko, baserritarrek 04:00-05:00ak inguruan hasi behar izaten dute guztia prestatzen, eta hori ahalegin handia izateaz aparte, azokan apenas egoten da eroslerik 11:00ak-12:00ak bitartean. 

Bestalde, jakinarazi zuten aurten saltzaile gehiago izango dela azokan. Hiruzpalau baserritar gehiagok eramango dituzte produktuak, eta besteak beste, Mesedeetako egoitzakoek bertan ipiniko dute postua egoitzan egindako eskulanak saltzeko. 

"Herrikoa bultzatzeko"

Ildo beretik, eta azokako krokisa sasoiz antolatzeko helburuarekin, zehaztu zuten urriaren 13a baino lehen eman behar dela bertan parte hartzeko izena (943 74 40 41/ 943 74 40 67 telefono zenbakira deituta). Eta hori horrela, partaideek azoka baino 15 egun lehenago egingo dute azken batzarra: urriaren 29an (martitzena), 19:00etan, “azken ukituak emateko”. 

Bestalde, aurten beste berritasun esanguratsu bat ere izango da Gaztañerren: Udalek ez die baimenik emango kanpotik etortzen diren saltzaile ugariei postuak ipintzeko. “Herrikoa bultzatu nahi bada, halakoak konpetentzia dira, eta gainera, asko pilatzen dira”, esan zuten baserritarrek. Beraz, hori aintzat hartu, eta ezezkoak ematen hasiko da Udala, ze dagoeneko jasota ditu kanpotik etortzen diren saltzaileen hainbat baimen eskaera.

Ganadua batzen lagundu

Eta aipatzeko bestelakoen artean, atzoko batzarrean Ramon Gallastegi zinegotziak jakinarazi zuen aurten Armendin bazkalduko dutela; Oiher Cerrejonek berretsi zuen iaz moduan aurten ere erreko dutela txerrikumea gero pintxotan bertan saltzeko; oro har, erabaki zuten urteroko omenduez aparte, aurten hil den Mertxe Balzola baserritarrari ere zelanbaiteko aitortza egingo diotela; eta ganaduzaleen eskaera aintzat hartuta, helarazi zieten aztertuko dutela ganaduak batzeko errefortzua ipintzea, “bestela asko luzatzen” zaielako zeregin hori, “16:00ak arte-edo”.