Etxeratek iragarri du ekimena abiatuko duela dispertsioaren biktimak errekonozituak izan daitezen

Egoitz Unamuno 2019ko ira. 10a, 08:00

Domekan, Asier Heriz eta Iñaki Saez hil zireneko 18. urtemuga gogoratzeko ekitaldia egin zuten Karakaten. Bertan, Patricia Vega Etxerateko ordezkariak iragarri zuen irailean ekimena abiatuko duela dispertsio politika abiatu zenetik espetxeetarako joan etorrietan hil diren 16 pertsonak biktimatzat errekonozitu ditzaten, tartean Asier Heriz eta Iñaki Saez.

Hirurogeita hamarren bat lagun batu ziren domekan Karakaten Asier Heriz eta Iñaki Saez hil zireneko 18. urtemuga gogoratzeko ekitaldian. Urtero moduan, senide eta lagunak oroitarriaren inguruan batu ziren eta dantza, bertso eta kantuz gogoratu zituzten 2001ean Avilarako espetxera bidean hil ziren bi herritarrak.

Aurten, Patrizia Velez Etxerateko ordezkariak ere parte hartu zuen ekitaldian eta dispertsioa salatzearekin batera, iragarri zuen, datozen asteetan Etxeratek gizarte ekimena abiatuko duela eskatzeko erakundeek biktimatzat errekonozitu ditzaten dispertsio politika indarrean denetik espetxeetarako joan etorrietan hil diren 16 pertsonak. “Dispertsioak eragindako biktimak dira guzti guztiak, errepide arriskutsuak zeharkatu zituztelako, inposatuta, espetxe urrunetan maite zituztenak ikusteko, entzuteko eta besarkatzeko. Dispertsioaren biktimak dira eta horren aitortza ezinbestekoa da inoiz gehiago gertatu ez dadin”.

Velezek salatu zuenez, soraluzetarren aurretik eta ostean “ehunka” istripu gertatu dira eta “oraindik ere mantentzen da, senide, lagun eta gertukoen sufrimendua. Egoera ez da aldatu. Egia eta memoriaren ohorez, gaur hemen, gogoratu nahi ditugu Rosa, Arantza, Sara, Leo, Karmele, Iñaki eta Argi, Jose Mari, Mari Carmen, Antxoni, Pili eta Fontso, Ruben, eta Natividad (espetxera bidean auto istripuz bizia galdu duten gainerako herritarrak)”.