Primitivak 37.367 euro laga ditu Estankoan

Erredakzioa 2019ko ira. 9a, 19:21
Sara Goenaga sariaren iragarkiarekin.

Zapatuko Primitivak 37.367 euroko saria utzi du Soraluzen. Loteria horren hirugarren sariaren boletoetako bat bertako Estankoan zigilatu zuten. «Ea nirea den!» , esan eta berehala joan da konprobatzera bat baino gehiago notiziaren berri jakitean.

Bost zenbaki eta zenbaki osagarria asmatu ditu Primitivaren zapaturako boletoa Estankoan zigilatu zuen saridunak.

Hirugarren saria tokatu zaio: 37.367 euro. Eta halako sei saridun izan dira guztira: «Besteak Madrilen, Toledon, Granadan... zigilatutakoak dira. Zapatuko Loteria Primitivoaren lehen bi saridunik, berriz, ez da egon», kontatu du Sara Goenagak, Estankoaren ugazabak.

Zein da?

Estankoan, oraindik orain, ez dute irabazlearen berririk, «baina posible da boletoa zuzenean banketxean kobratzea, beraz ez dugu zertan jakin zeini tokatu zaion. Eta gainera guk ezin dugu esan», dio Goenagak.

Kontuak kontu, gaur Primitivaren boletoa duten askok begiratu dute pronto ea eurak izan diren zortedunak, eta badaezpada berria ere egin dute. Eta noski, horixe da gaurko galdera: «Zeinek irabazi du?»

Behin kiniela

Ez da lehen aldia Estankoak sariren bat ematen duela. « Behin Kiniela eman zen. Milioiak irabazi zituen herriko batek», kontatu du Goenagak.