Adin guztietarako eskaintza, San Martzialgo jaietan

Erredakzioa 2019ko ira. 6a, 14:28

Auzotarrak eta herritarrak iazko jaietan, txokolatea edaten.

Berritasunekin datoz San Martzial auzoko jaiak. Adibidez, bihar, zapatua, mendiko itzulia egitera doazenendako bazkaria antolatu dute, gero bertan gera daitezen. Bestalde, aurten atzera ere egingo dute txapel jaurtiketa lehiaketa.

11 kilometro inguru dituen mendi ibilaldiarekin hasiko dituzte San Martzial auzoko jaiak, bihar, zapatua.

Mendi taldeko gurasoen elkartearen eskutik egingo da, “Sagar Erreka eta inguru haiek hobeto ezagutzera emateko” asmoarekin, Igor Aldazabalek, jaien antolatzaileetako batek esplikatu duen moduan.

Honako ibilbidea egingo dute: Zubi Nagusia- San Martzial- Sagar Errekako putzua-Topinburu tontorra (Eibar-Bergara arteko tontorra)-Ilordo tontorra-San Martzial. Edozeinek egiteko modukoa dela azaldu dute.

Txotx jaialdia

Mendi buelta bukatu eta elkarrekin bazkaldu ondoren, arratsaldean (17:00) izango dituzte umeendako tailerrak eta ginkana: «Aurpegiak margotu, bitxiak egin, karetak margotu, umeendako toka, guk asmatutako jokuak… Eta ginkanan ere denetik dago: sokatira, pañuelito…. Jolas tradizionalak izango dira», esplikatu du Igor Aldazabalek.

19:00etan hasiko dute, berriz, Txotx! jaialdia Petritegiko kupelarekin, eta aurten barbakoarekin osatuko dutena. “Ideia da kupela zabalik dagoela, tarteka pintxoak jan, eta jan-edanean ibili”.  

Eta zapatua borobiltzeko, iaz egiteke geratu zen txapel jaurtiketa berreskuratuko dute (20:30). Helduei zuzendutako lehiaketa da, eta irabazten duenak lehiaketarako erabiliko duten txapela jasoko du sari modura.

Horrez aparte, aurten Karidadeko Salda gauean zehar egingo dute, domekarako gertu izateko.

Paella lehiaketa, dantza...

Domekari dagokionez, eguerdiko mezaren ondoren paella lehiaketa abiaraziko dute, 13:00etan. 10 bikotek eman ahalko du izena: «Bikote bakoitzak ekartzen du paella egiteko generoa, eta gero paella bazkaritarako erabiltzen denez, baldintzetako bat da lehiakideen taldetxo-lagunendako besteko paella prestatu beharko duela bikote bakoitzak. Sari bakarra dago paella lehiaketan», dio Aldazabalek.

Bazkal aurretik eta paellak egin bitartean, 13:15ean dantza erakustaldia egingo du Soraluzeko Urrats Dantza Taldeak.

Hain justu, 14:30ak aldera egingo dute herri bazkaria lehiaketako paellekin. Eta bazkalostean, mus txapelketa jokatuko dute: “Normalean 10-12 bikote etortzen dira. Eta sariak (otarrak) prest daude lehen eta bigarren bikoteendako».

Horrez gainera, domekan toka lehiaketa ere egingo dute. 17:00etan hasita, bi lehiaketa izango dira: bat umeendako eta bestea helduendako. «Parte-hartzea da euro bat eta parte-hartzaile kopuruaren arabera, batutako dirua eskuratuko du irabazleak. Umeek, berriz, doakoa dute parte-hartzea eta haiendako saria dira gozokiak».

Zezentxoak eta txokolatea

Jaien azken txanparako Mutrikuko Arno ganadutegiko zezentxoekin eta pottokekin jolasteko aukera izango da 18:00etan, eta haien ondoren txokolatada partituko dute, doan.

Guztia gertu dute, bada, San Martzialen auzotarrak eta bisitariak hartzeko. Eguraldi egonkorra «enkargatuta», jendea animatu nahi du Aldazabalek jaietara bertara daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.