Beste 30 egunetako greba deialdia

Ubane Madera 2019ko ira. 6a, 11:05
Mesedeetako egoitzako hainbat langilek uztailean egindako elkarretaratzean.

Irailaren 19tik urriaren 18ra bitarteko greba iragarri du ELA sindikatuak zaharren egoitzetarako. Eta gatazka konpondu ezean, ez dute baztertzen greba egun gehiago egitea. Soraluzeko egoitzako langile gehienek ere bat egingo dute protestarekin eta datorren astean iragarriko dituzte tokian tokiko mobilizazioak.

2018tik orain arte dagoeneko 88 egun egin dituzte greban zaharren egoitzetako langileek, eta bide beretik segituko dutela dirudi, izan ere, beste 30 eguneko greba iragarri du ELA sindikatuak.

Oro har, Gipuzkoako Diputazioaren jarrera salatu du sindikatu abertzaleak. “Errespetu falta” leporatzen dio erakundeari, gatazkaren negoziaziorako azken batzarrera “agertu ere” ez zirelako egin; eta salatzen dute foru aldundiak “negozioa” egin nahi duela “aitona-amonekin”: “Ekuazioa sinplea da: finantziazio publikoa (Gipuzkoan dauden oheetatik %90 kontzertatuak dira) + sektoreko langileen lan baldintza eskasak + ratio oso baxuak: negozio borobila. (…) Argi izan behar dute UBIK eta epaitegi eta polizia-etxeetako gure lankideek lortu duten modura, guk ere, greben bitartez, gure helburua lortuko dugula eta amaierara arte borrokatuko dugula".

"Gizartearen ongizatean eragina"

Sindikatuak azpimarratu duenez, zaharren egoitzetakoa “ez da lan gatazka hutsa, borroka zerbitzuaren kalitatea eta gure aitona-amonen bizi baldintzen hobekuntzaren aldekoa da, gizartearen ongizatean eragin zuzena daukana”.

30 eguneko grebarekin batera, mobilizazioak ere egingo dituzte zaharren egoitzetako langileek, eta datozen egunotan jakinaraziko dituzte Soraluzen eta eskualdean egingo dituztenak.