Hainbat herritarren eta elkarteren aldetik jasotako eskaerak eta Udalaren ikuspuntutik interesgarriak izan litezkeen gaiak uztartuta antolatu ditu Soraluzeko Udalak bost sormen tailerrak, honako hauek:
- Psikomotrizitatea:
- HH4 eta HH5eko umeei zuzenduta (4-5 urte). Eguaztenero lantzeko, 16:45etik 17:45era bitartean. Kuota: hilean 25 euro.
- Zirkua:
- LH1etik LH6ra bitarteko umeei zuzenduta (6-12 urte). Martitzenero izango dira eskolak, 17:00etatik 18:30ak arte. Kuota: hilean 25 euro.
- Robotika:
- LH3tik LH6ra bitarteko umeei zuzenduta (8-12 urte). Eguaztenero izango dira eskolak, 17:00etatik 18:15ak arte. Kuota: hilean 25 euro.
- Bertsolaritza:
- LH5 eta LH6ko ikasleei zuzenduta (10-12 urte). Eguaztenero izango dira eskolak, 17:00etatik 18:00etara. Kuota: hilean 10 euro.
- Xakea:
- LH3tik LH6ra bitarteko umeei zuzenduta. Astelehenero izango dira eskolak, 17:00etatik 18:00ak bitartean. Kuota 25 euro.
Eskuorriak eskolatik
Tailerrak urrian hasi eta maiatzean bukatuko dira, eta bertan izena emateko epea, berriz, irailaren 9an, astelehena, zabalduko da, hamabost egunez. Horretarako eskuorriak banatuko dituzte Plaentxia Herri Eskolaren bitartez; horiek bete eta Udalean entregatu beharko dira.
Hainbat tailerrek leku mugatuak izango dituzte; hori horrela, ikasleak onartuko dituzte izen-emate ordenaren arabera, dauden lekuak bete arte.
Sormen tailerren gidaritzaz, berriz, arduratuko dira gai bakoitzean adituak direnak. Adibidez, xake tailerra emango du Bergarako Xake Elkarteko kide batek eta bertsolaritza Eneko Beretxinaga Soraluzeko bertsolariak.
Herrixak Hezi
Herrixak Hezi hezkuntza programaren baitan aurreikusitako bederatzi proiektuetako bat dira haurrendako eta gaztetxoendako sormen tailerrak. Oro har, umeen sormena lantzeaz aparte, tailerren helburua da haien garapen emozionala zein intelektuala garatzen laguntzea.