Soraluzeko neska-mutikoek azken opor egunak dituzte honako hauek, sei egun besterik ez dira falta-eta 2019-2020 ikasturtea hasteko.
385 ikasle eskolan
Eskolan hasten goiztiarrenak Soraluzeko Haurreskolako umetxoak izango dira. Etzi, eguena, hasiko dira-eta egokitzapenarekin. Lau umetxok estreinatuko dute ikasturte berria eta urrian bosgarrena gehituko zaie.
Gainerako ikasleak irailaren 9an hasiko dira norbere eskolan. Hori horrela, eta Plaentxi Herri Eskolari dagokionez, Lehen Hezkuntzako ikasleak 10:00etan sartuko dira eta Haur Hezkuntzakoak 10:30ean. Eta martitzenetik aurrera, 09:00etan sartu eta Lehen Hezkuntzakoak 13:00etan irtengo dira eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, 12:30ean. Horrela egingo dute iraila osoa eta urrian hasiko dira egun osoko ordutegiarekin.
Ikasleei dagokienez, apurtxo bat jaitsi egin da haien kopurua, iaz 400 ikasleren bueltan ibili ziren, eta aurten 385 ikasle izango dira-eta herri eskolan. Eta irakasleei dagokienez, opor aurretik egindako oposizioak gainditu dituzten irakasle “berri mordoa” izango direla jakinarazi dute zuzendaritzatik, eta horrek egonkortasuna handitu egingo duela, hainbat urtetarako bertan egongo dira-eta irakasle horiek. 37 irakasle izango dira eskolan, hain zuzen ere.
Horrez aparte, proiektuka lan egiten segituko dute, iaz moduan formazio saioak izango dituzte eta segituko dute matematika manipulatiboa eta funtzionala lantzen eta baita Bizikasi egitasmoarekin ere.
Bestalde, abuztua aprobetxatuta, hainbat mantentze-lan egin dituzte udal langileek eskolan eta hori ere igarriko dute ikasturte hasieran.
Institutuan 160 ikasle
Azkenik, Soraluzeko BHI Institutuari dagokionez haiek ere astelehenean abiaraziko dute ikasturtea, aurkezpentxo batekin, 11:30ean. Gero, martitzenean ohiko ordutegiarekin hasiko dira, 08:15etik 14:15era arte.
Guztira, bederatzi gela izango dira Institutuan, hiru ikasgela Lehen DBHn eta gainerako mailetan bina gela. Ikasle kopuruari dagokionez, berriz, 160 gazte ibiliko dira Institutuan, eta 27 irakasle izango dituzte. Elkarren artean osagarriak diren bi programa lantzen segituko dute: Auspoa eta Bidelaguna. Eta eskolan moduan, Institutuan ere egin dituzte mantentze-lanak abuztuan, besteak beste, terrazan.
Bihar, Musika Eskolako ordutegiak
Bukatzeko, araututako hezkuntzatik kanpo, Soraluzeko Musika Eskolak ere astelehenean hasiko du 2019-2020 ikasturtea, eta bihar, eguaztena, banatuko ditu instrumentuei dagozkien ordutegiak.