Sabin Mendizabal gaur aterako da gartzelatik lau urte t'erdiko espetxealdia osorik bete eta gero

Egoitz Unamuno 2019ko ira. 3a, 01:33
Sabin Mendizabal. (Artxiboko irudia)

Sabin Mendizabal 2015ean atxilotu zuten Donapaleun (Lapurdi) eta, harrezkero, espetxean izan da; abenduaz geroztik, Logroñon. Gaur aterako da aske, 2009an Auzitegi Nazionalak ezarri zion lau urte t'erdiko gartzela zigorra osorik bete eta gero.

Sabinen lagun eta senideak gaur goizean goiz abiatuko dira Logroñora espetxetik atera orduko “babesa eman” eta ondoren elkarrekin Plaentziara etortzeko. Espetxe zaintzako arduradunek ez diete jakinarazi zein ordutan lagako duten aske baina pentsatzen dute goizean askatuko dutela.

Sabinen anaia Jon Mendizabalek jakinarazi digunez, “arratsaldean kalean ibiltzeko asmoa du, hamar urte herritik kanpo eman eta gero, gogotsu dagoelako lagunak agurtu eta herrian izateko”.

Lau urtek t'erdiko zigorra beteta  

2009an Auzitegi Nazionalak lau urte t'erdiko espetxealdia ezarri zion Sabin Mendizabali 2003an Ermuko Alderdi Popularraren egoitzaren atarian etxean egindako lehergailu bat ipintzeagatik (lehergailua ez zen lehertu). Sabinek ihes egin zuen eta sei urte ihesean eman eta gero, 2015eko martxoan polizia frantsesak Donapaleun atxilotu zuen osasun arazoengatik medikuarengana zihoala.

2015ean Paueko auzitegiak Sabin Espainiaratzea onartu zuen eta harrezkero, Espainiako espetxeetan izan dute preso. Lehenik Valladolideko espetxean bete zituen hiru urte t’erdi pasa, eta, ondoren, iazko den abenduaz geroztik, Logroñoko espetxean izan da preso. Gaur lagako dute aske lau urte  t'erdiko zigorra osorik bete eta gero.