Mendaroko ospitaleko mantzentze-lanetako langileak konponbide eske

Barren.eus 2019ko ira. 2a, 08:00

Uztailaren 2az geroztik greban daude Mendaroko ospitaleko mantentze-lanez arduratzen den Tecman SVA S.L. enpresako langileak. Eskatzen dute KPIaren araberako soldata igoera -soldatak izoztuta dituzte 2011n Gipuzkoako metaleko herrialdeko hitzarmena sinatu zenetik-, bai eta guardian egiten dituzten orduengatik Osakidetzako mantenimenduko langileek beste kobratzea ere. Aner Agirre langileak eta Jon Baranguan LABeko ordezkariak eman dute egoeraren berri. 

Auzitegira ere jo dute Tecmanek eta Osakidetzak greba eskubidea ukatu dietela salatzeko, eta gaur jakinarazi dute irailaren 20an egingo dela epaiketa, Eibarren. Lan Baldintza prekarioetan ezin dela kalitatezko zerbitzurik eskaini ohartarazi dute, asteartean gertatutakoa adibidetzat jarrita. Sabai zati bat behera etorri zen martitzenean larrialdi zerbitzuetako gunean ur-ihes handi baten ondorioz, eta kalte handiak eragin zituen.

Enpresa berriaren lan baldintza "prekarioak" 

Greba hasi zutenetik ostegunero egin izan duten moduan elkarretaratzea egin zuten atzo Tecmaneko langileek ospitale atarian, 'Tecman borrokan, lan hitzarmen duin baten alde' lelopean. Maiatzaren 1ean hartu zuen Tecman enpresak ospitaleko mantenimendu zerbitzuaren ardura, eta ordutik, langileen lan baldintzak "izugarri" eskastu direla salatu dute LABek eta langileek eurek. Aner Agirre mantenimenduko langilearen esanetan, "ez da betetzen Osakidetzak pliegoetan jasotako lan baldintzetatik bakar bat ere. Oso lan baldintza prekarioetan ari gara lanean, eta eskatzen duguna ez da beste munduko ezer". Jon Baranguan LABek Industria gaietarako daukan eskualdeko ordezkariak zehaztu duenez, "oinarrizko bi hobekuntza eta Tecman sartu aurretik zituzten lan baldintzetara bueltatzea eskatzen dute funtsean".

Lansaria lau aldiz txikiagoa

Guardia egun bakoitzeko (22:00etatik 7:00ak bitarteko lanaldia) 11 euro kobratzen dituzte Tecmaneko langileek, eta aldiz, lan bera egiteagatik Osakidetzako mantenimenduko langileek 44 euro kobratzen dituzte. Agirreren esanetan, gaueko lanaldia sortu behar litzateke eta langileak ospitalean bertan izan: "zaintzan gauden denboran lantokitik kanpora gaude, sarri etxean, baina deia jasotzen dugunetik orduerdiko tartean agertu beharra daukagu ospitalera. Ez zaigu iruditzen hori eguneko 11 eurorekin ordaintzen denik. Iruditzen zaigu reten hori kendu eta gaueko lanaldia sortu beharko luketela, ospitalean edonoiz gerta daitekeelako larrialdi bat eta larrialdi kasuetan orduerdiko tartea denbora asko delako".

Agirrek joan zen asteartean gertatutakoa jarri du gaueko txandarik ez izateak eragindako ondorioen adibidetzat. "Larrialdietarako gunean polibutilenozko hodi batzuk dauzkagu, aspaldian matxura asko izan dituztenak. Osakidetza jakinaren gainean dago, aldiro apurtu egiten direlako. Herenegun, hodi horietako bat apurtu zen eta urez bete ziren larrialdi zerbitzuetako gunea eta radiologia gunea". Lankidea "aldatzeko astirik ere eman gabe joan zen larrialdi zerbitzuetara eta kaosa topatu zuen han". Hiru ordu behar izan zituzten matxura konpontzeko, eta tarte horretan urak "kalte handiak" eragin zituen. "Ura 60 graduko tenperaturan zetorren eta ezin genuen esku hutsik jardun. Ahal genuena egin genuen, baina hiru ordu behar izan genituen dena konpontzeko, eta tarte horretan diru asko balio duten makinak egon ziren bustitzen. Eta hori, gaueko txanda balego, saihestu ahalko zatekeen".

Albiste hau Barren.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.