Zabuak ailegatu ahala bukatuko dituzte parkeak zaharberritzeko lanak

Ubane Madera 2019ko abu. 20a, 12:26
Play 360 enpresako beharginak Ezozibideko jolas-parkean lanean, gaur goizean, martitzena.

Datozen egunotan bukatuko dituzte udalerriko hiru jolas-parke berritzeko lanak. Play 360 enpresa dabil lanok egiten. Goitik behera eraberrituko dute Ezozibideko jolas-parkea, eta kulunka berriak ipiniko dizkiete Errekaldeko bi parkeei eta Estaziokoari.

Arrizabaleta parkean dabiltza azken egunotan lanean. Hura osorik berritzen dihardute. Eta gainontzeko hiru parkeetarako kulunkak ailegatzen diren bitartean, Ezozibideko parkeko lanak bukatuko dituztela kontatu dute Play 360 enpresatik.

Ezozibidekoa guztiz berria

Hain justu ere, Arrizabaleta parkean 5-9 urte bitarteko umeendako jolasak dabiltza ipintzen, Novatilu enpresarenak. Apirilean egin zuten batzar irekia parkean bertan umeen proposamenak zuzenean jasotzeko, eta haien arabera sortzen dabiltza oraingo jolas-gunea. Ia 26.000 euroko inbertsioa eginda, bost jolas edo zabu izango ditu:

    •    Jolas anitzeko dorrea.
    •    Txirrista.
    •    Kulunka.
    •    Trena.
    •    Zabua.

Horrez aparte, esparrua babesteko hesia ipiniko dute eta baita zoru berria ere.

Estazioan eta Errekalden

Osterantzean, Udalak beste hiru parketako kulunkak berrituko ditu: Estaziokoak eta Errekaldeko bi parketakoak. Haiek ailegatzeko zain daude beharginak parkeetan ipintzeko, ze kulunken egiturak joan den astean laga zituzten ipinita.



Jolasez aparte, Errekaldeko bi parketan zoru berriak ere ipini dituzte. Oraingoak elementu bakarraz daude osatuta, eta ez baldosa modukoez, lehengoak moduan; Iker Aldazabal alkatearen esanetan, zoru zaharretan ura sartzen zen zoruko bitarteetatik eta labainkor bilakatzen zuten esparrua.