Bi habia pozoitu dituzte

Ubane Madera 2019ko abu. 19a, 09:00

Adituak habietara pozoia botatzen. Argazkiak: Soraluzeko Udaltzaingoa.

Liztor beltzaren kontrako protokoloari segituz, halako bi habia pozoitu zituzten joan den barikuan: Arraikuan bata eta Olean bestea. Herritarrek abisatu zuten liztor asiarraren habiak zeudela aipatutako bi lekuetan, eta Debemenen bitartez bertaratu ziren adituak haiek suntsitzera, pozoia baliatuta.

Negua ailegatu aurretik suntsitu behar izaten dira liztor beltzaren habiak, neguan aktibo izateari lagatzen diotelako, baina bien bitartean kalte handiak eragiten dituzte. Asiako liztorra espezie inbaditzailea da 2005az geroztik Europan, eta bertako erleak harrapatzen ditu. Euskal Herrira 2010ean iritsi zen; Amaiurren, Nafarroan aurkitu zuten lehen kolonia, eta harrezkero leku guztietara zabaldu dira.



Soraluzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpaina dago indarrean, halako liztorren habiak suntsitzeko. 2014an hasi ziren zeregin horretan, Debemenen, Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartearen bitartez. Orain arte, (2019ko kanpaina bukatu barik dago) 67 habia deuseztatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.