Andramari jaiak

Uzin-Jofra eta De la Rosa aita-alabak txapeldun

Ubane Madera 2019ko abu. 17a, 11:19

Lehiaketak ezarritako lehiakide muga beteta, 12 bikotek parte hartu zuen atzo San Roke eguneko tortilla lehiaketan. Eta guztien artean, lau bikotek eskuratu zuten saria: hiru patata tortilla onenek eta tortilla berezi onenak: Uzin-Jofra, Elizburu-Laskurain, Gallastegi-Gonzalez eta De la Rosa aita-alabak.

Bakoitzak bere ukitu berezia emanez, goxo-goxo prestatu zituzten tortillak Andramarietako lehiaketan parte hartu zuten 12 bikoteek. Patata tortillak egin zituzten aurrena, eta tortilla bereziak ondoren. 13:00ak ingururako guztiak gertu egon behar zuten, orduantxe egin zuten-eta sari banaketa.

Epaimahaia osatu zuten Jose Ramon Zabalak, Leire Elizburuk eta Iñaki Iñarrak; eta zaporea, testura eta aurkezpena kontuan hartuta emandako puntuen arabera, hiruek aukeratu zituzten aurtengo tortillarik onenak.

Hurrenez hurren, honakoek eskuratu zituzten sariak, patata tortilletan:

Domentx Uzinek eta Marta Jofrak (Vilanova y la Gertru)
Lierni Elizburuk eta Ines Laskurainek
Piedad Gallastegik eta Santiago Gonzalezek

Eta tortilla bereziaren saria, berriz, Roberto eta Maria de la Rosa aita-alabendako izan zen, bakailaoaz eta piperrez egindako tortilla eginda. Hain justu, iaz bi tortilla motatan irabazle izan ziren De la Rosa aita-alabak, beraz, ederki defendatu dute iaz eskuratutako txapela.

Oro har, honako bikoteek parte hartu zuten atzoko lehiaketan:

  • Ane Orbea eta Elene Etxaniz ama-alabek lehen aldiz: “Aspalditik genbiltzan “pikatuta”, eta aurten hemen geunden eta animatu egin gara”, esplikatu zuen Orbeak.
  • Miren Gallastegik eta Oihane Lasak bigarren aldiz: “Iaz ederki pasa genuen eta aurten berriro egitea pentsatu dugu”, esan zuten.
  • Iraultza Diez eta Enaitz Diaz aita-alabek lehen aldiz: “Abuztuaren 14an komentatu genuen akaso apuntatuko ginela eta horrelaxe animatu gara”, esan zuten.
  • Piedad Gallastegik eta Santiago Gonzalezek azken urteotan parte hartu dute: “Ander Epelderekin 3 bat urte egin nituen eta haren ondoren Santirekin hasi nintzen. 18 bat urte daramatzat parte hartzen”, kontatu zuen Piedad Gallastegik.
  • Ander Epeldek eta Javier Zazok, azken horrek lehen aldiz: “Ikasten ere bagabiltza, ez da bakarrik etorri eta jan”, esan zuen Zazok.
  • Pura Corcherok eta Juanita Soraluzek: “Hiru urtean irabazi dugu; animatuta gaude”, esplikatu zuen bikoteak.
  • Roberto eta Maria de la Rosa aita-alabak partaide finak dira: “Iaz irabazitakoa defendatzera gatoz, baina batez ere goiza primeran pasatzera”, esplikatu zuen Roberto de la Rosak.
  • Lierni Elizburuk eta Ines Laskurainek iaz izan zuten estreinaldia: “Ondo pastu genuen iaz eta aurten berriro aurkeztu gara”, esan zuten.
  • Mesedeetako egoitzakoek, berriz, aurten bi bikoterekin parte hartu dute: Mari Corbachok eta Filomena Reguilonek eta Fidel Gonzalok eta Jesus Reyesek. “Uztailean, bakailao lehiaketan hirugarren saria eskuratu zuten”, gogora ekarri zuten.
  • Marta Jofrak eta Domentx Uzinek lehen aldiz parte hartu dute: “Errua Domentxena da, esan zigun jaietan geratu nahi bagenu, lehiaketan parte hartu behar genuela”, esplikatu zuen Jofra kataluniarrak.
  • Aitor Gilek eta Rafa Ariznabarretak aspaldiko partez parte hartu zuten: “Aspaldi egoteke geunden eta aurten animatu egin gara”, esan zuten.


Lehiaketaren ondoren, ohi denez, txartelak banatu zituzten tortilla pintxoak eskuratzeko. Eta gustura asko jan zituzten Plaza Zaharrera bertaratu zirenek.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.