Bihar hasi eta zapatura bitartean, berriro ere jaiak

Ubane Madera 2019ko abu. 14a, 10:43

Pintxoak banatzen, iazko tortilla lehiaketaren ondoren.

Gaurko suziriak iragarriko du badatozela Andramari jaiak. Mende erdi pasako tradizioari eutsiz, Erandioko musika bandaren kontzertua izango da jaietako lehen eguneko ekitaldi nagusia, bihar. Bigarren egunean, tortilla lehiaketa eta puzgarriak izango dira, eta lagunarteko bazkariak eta zezenak San Roke Txiki egunean.

Ohiturari jarraituz, gaur, 14:00etan etxafuegoak jaurtiko ditu Jose Ramon Zabalak iragartzeko Andramari bezpera dela eta badatozela Soraluzeko abuztuko jaiak, bihar hasi eta zapatura bitartekoak.

Bandaren 53. bisita 

Hortik aurrera, bihar, eguena, Andramari eguna, Bilboko Herriko Musika Bandaren (Erandioko banda) kalejirak piztuko du herriko jai-giroa. 12:00-12:30ak bitartean ibiliko dira kalerik kale, eta ondoren, 13:00etatik-14:00ak arteko kontzertua eskainiko dute, Plaza Zaharrean. 53. aldiz bisitatuko du Soraluze musika banda bizkaitarrak.

Biharko eguna borobiltzeko, Ken bat hirukotea arduratuko da iluntzeko (20:00) eta gaueko (23:00) dantzaldiaz.

Barikuan, berriz, San Roke eguna, goizean goiz egingo dute ohiko prozesioa San Rokeren baselizara. 07:30ean abiatuta, zaindariaren irudia aurrean dutela eramango dute berau, eta fededun batek baino gehiagok baliatuko du ekitaldi erlijiosoa santuari promesak egin edo laguntasuna eskatzeko.

12 bikote asko jota

Goizak aurrera egin ahala, tortilla lehiaketa hasiko da, 11:00etan hasi ere. 12 bikotek parte hartu ahalko du asko jota. Eta bi tortilla mota sarituko dira: patata tortillak eta tortilla bereziak. Lehen kasuan, hiru bikoteren tortillak sarituko dituzte, 80, 50 eta 30 eurorekin, hurrenez hurren. Eta bigarren kasuan, tortilla bakarra sarituko dute, 50 eurorekin.

Iaz 11 bikotek parte hartu zuen lehiaketan. Lehiaketaren ondoren, ohi denez, txartelak banatuko dituzte, lehiaketako tortillen pintxoak eskuratzeko.

Eta ordu berean puzgarriak izango dira Plaza Berrian. Halako bi jarriko dituzte: bat txikitxoendako eta bestea nagusiagoendako. Barikuko jarduna borobiltzeko, DJ Mikelekin dantzaldi bi izango dira: 20:00etan eta 23:00etan.

Azken egunean zezenak

Andramari jaiak bukatzeko, zapatuan, San Roke Txiki egunean, Mutrikuko Arno ganadutegiko zezenek erakarriko dituzte ikusle gehien plazara; 11:00etan eta 18:00etan izango dira. Horretaz gain, 13:00etan Larreategi taldeak kaleak girotuko ditu eta gauza bera egingo du 19:00etan, Gesaltza txarangak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.