Aingirak ageri dira Deba ibaian

Egoitz Unamuno 2019ko abu. 12a, 11:12

Aingira txikia ageri da eguzkiak argitutako partean. Argazkia: Niko Morillo.

Ohikoa behar luke, baina zoritxarrez urteotan ez da horren ohikoa izan Deba ibaian aingirak ikustea. Orain dela aste batzuk, Niko Morillo herritarrak irudi bat bidali zigun; bertan, aingira txiki bat ageri da.

Azken asteotan, herritar batek baino gehiagok jakinarazi digu ibaian aingirak ikusi dituela eta baita arrain txikiak ere (loinak beharbada), azpiko argazki honetan ageri den moduan. 

Ematen du, aingira eta arraintxo gehiago ikustea ibaiko urak garbiago datozenaren adierazle izan daitekeela. Poztekoa litzateke. Hala ere, jakina da urtero udako opor garaian ibaiko urak garbiago etortzen direla, batez ere, abuztuan, eta sasoi horretan bizidun gehiago ikusten direla ibaiko uretan. 

2017ko otsailean gertatu zen zianuro isuria dela eta, Plaentxia.eus-ek jakin du Ertzantzak epaitegietara eroan zuela isurketaren ardura zuen entitatea, Bergarakoa, baina oraindik ezin izan dugu jakin arduradunaren indetitaterik eta ezta gaiak epaitegietan izan duen ibilbidearen berririk ere.    

Ibaia garbi zegoeneko testigantzak

2018an, ibaia garbi zegoeneko testigantzak jasotzen dituen ikusentzunezkoa argitaratu zuen Alkarrekineko Ibaiak eta mendiak lan taldeak eta, urtarriletik, ikusentzunezko hori ikusgai dago Soraluzeko Udalaren Youtubeko kontuan.

Horrekin batera, Ahotsak.eus webgunean daude adineko hainbat soraluzetarrek ibaiaren inguruan emandako testigantzak. Horietan oparoenetako bi dira Jaime Aristiren eta Federiko Egurenenen kontakizunak.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.