Hainbat zerbitzutan murrizketak, oporrengatik

Ubane Madera 2019ko abu. 1a, 09:41
Autobusa geltokira ailegatzen.

Datozen egunotan, hainbat zerbitzu publikotan murrizketak izango dira, udako oporrak tarteko. Esaterako, kiroldegia goizez bakarrik dago zabalik abuztuaren 11ra bitartean, eta Lurraldebusen autobusak maiztasun txikiagoarekin ibiliko dira. Anbulatorioak, berriz, normal funtzionatuko du.

Herriko jaiak bukatuta, atzera ere zabalik da Arane kiroldegia. Hori bai, goizez bakarrik dago zabalik, 09:00etatik 13:00etara eta horrelaxe jardungo du abuztuaren 11ra bitartean. Gero, abuztuaren 12tik 25era oporrak hartu eta itxita izango da. Abuztuaren 26an zabalduko dute berriro.

Udaletxea eta anbulatorioa

Soraluzeko Udaletxeari dagokionez, berriz, normal zabalduko dute abuztuan, 09:00etatik 14:00ak bitartean. Epaitegia, berriz, zabalduko dute honako egunetan: abuztuaren 1ean, 6an, 8an, 13an eta 20an. 09:00-14:00ak arte, hori ere. Anbulatorioak normal jardungo du eta baita Udaltzaingoak ere.

Autobusak

Osterantzean, bestelako zerbitzuei dagokienez, abuztuaren 1etik aurrera, oro har, gutxitu egingo da autobus zerbitzu publikoen maiztasuna. Adibidez, Eibartik Arrasatera doan autobusa orduro pasatuko da. 06:45ean Eibartik abiatuko da lehena eta 22:45ean, berriz, azkena. Eta Arrasatetik lehena abiatuko da 07:40an eta azkena 22:40an.

Eta Soraluzetik Mendarora doan autobusaren ordutegian ere badira aldaketak. Hain justu, abuztuan, ez da egongo goizean 07:40an irteten den autobusik. Soraluzetik lehena abiatuko da 09:40an. Hortik aurrerakoek berdin funtzionatuko dute. Mendarotik Soraluzera bueltatzeko, berriz, lehen autobusa izango da11:20an. Eta azkena, berriz, 22:20an.

Eta zapatutan, domeketan eta jai-egunetan, Soraluzetik Mendarorantz abiatuko den lehen autobusa izango da 10:40koa eta azkena 20:40koa. Bitarteko guztiak berdin izango dira. Eta bueltarako, berriz, 12:20an abiatuko da Mendarotik lehena.

Lurraldebusen bestelako zerbitzuetan ere badira murrizketak. Udaltzainek ipini dituzte jakinarazpenak gheralekuetan. Edozein modutan, informazio gehiago behar izanez gero, hemen klika daiteke.