Bero zapa eta bestelakoak, atzo

Ubane Madera 2019ko uzt. 24a, 13:05

Kalebarrengo termometroak 37 gradu markatu zituen atzo.

Iragarrita zegoen bero zapa gurean izan genuen atzo eta gaur ere bertan da. Kalebarrengo termometroak, adibidez, 37 gradu markatu zituen 18:00etan eta gerizpetan eta Plaza Zaharreko igogailua geratu egin zen berriro. Gutxi bada ere, bihar hasiko da tenperatura jaisten, Euskalmeteko adituen esanetan.

Alerta laranja iragarri zuten atzoko eta horixe izan zen berbetagai nagusietako bat herrikideen artean, indartsu etorri zen-eta beroaldia baita Soraluzera ere. Plaza Zaharreko ohiko korrontea ere desagertu egin zen harik eta 19:00ak bueltan ekaitza lehertu zen arte, gehientsuenen zorionerako.

Bien bitartean, baina, termometroek gora eta gora segitu zuten. 18:00etan, esaterako, Kalebarrengo farmaziakoak 37 gradu markatu zituen, gerizpetan. “Nire senarrak Eibarko termometro baten 44 gradu ikusi ditu”, kontatu zuen esaterako soraluzetar batek.

Igogailua matxuratuta


Bero zaparen eraginez, besteak beste, gelditu egin zen Plaza Zaharreko igogailua, A.F. herritarra barruan zela. “Oso txarto pasatu dut; arnasa hartzeko arazoak ditut, eta eskerrak 10 minutura igogailua bera bakarrik jaitsi eta atea zabaldu didan, bestela suhiltzaileei deitzekotan zegoen ya udaltzaina”, kontatu zuen berak. Hain zuzen, udaltzainak berak gero kartela ipini zuen igogailuan, matxuratuta zegoela adierazteko.



Txakurra harrapatu

Eta hain justu, udaltzainak berak jakinarazi zuen atzoko gertakarien artean, besteak beste, denbora luzea eman zutela saihesbidean, auto batek osintxuar baten txakurra harrapatu zuelako. Zorionez, bai gidaria eta baita txakurra bera ere onik irten ziren istriputik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.