Txistua, jaietan presente eta ozen

Ubane Madera 2019ko uzt. 23a, 18:02

Txistulariak Plaza Zaharrean, bertakoak eta bisitariak.

Jaiek berezkoa duten doinuetako bat da txistuaren hotsa. Aurten ere buru-belarri jardungo du taldeak datozen egunotan, dantza taldearekin izan zein Soraluzeko Txistulari Talde modura jaietako ia egun guztietan. Santa Ana egunean, besteak beste, Imanol Lopezek moldatutako Nire Plazentziatxo eta Atxolin piezak interpretatuko dituzte, 12:30ean Plaza Zaharrean.

Uztailaren 26an, 12:00etan abiatuko da txistularien kalejira, herrigunetik. Eta hura borobiltzeko eskainiko dute kontzertutxoa, Soraluzekoak bertakoak diren kantuekin osatutako piezak interpretatuz, besteak beste. Halaxe egingo dute, esaterako, Nire Plazentziatxo eta Atxolin kantuekin.

Azken boladan, oro har, indartsuago entzuten den doinuetako bat da. Izan ere, ahalegin berezia egin dute txistulari-taldeak lehenago izan duen sendotasuna berreskuratzeko. Horren emaitza da gero eta osasuntsuago dagoen Soraluzeko Txistulari Taldea.

Gaur gaurkoz, kideak sei dira: Domentx Uzin, Elene Etxaniz, Edurne Orbea, Igone Mendizabal, Ane Osoro eta Sabin Perez de Labeaga. "Eta “sateliteak” ere badaude, txistulari beteranoak, ospakizun jakin batzuetan etortzen direnak: Ander Garitano, Ezozi Arrillaga, Imanol Lopez, Jesus Orbea, Jose Angel Basauri, Juanjo Arrieta eta aurten Isma Peñalba, Ander Epelde eta Aitor Amor ere animatu dira”, dio Domentx Uzinek.

Mikel Santiago eta Domentx Uzin

Hain justu, Uzin bera izan da taldeari bultzada eman dion kideetako bat. Instrumentua jotzen ikasteraino “tematu” zen ahalegin horretan, eta baita lortu ere: “Ez da egon txistu-taldean etenaldirik, nahiz eta dantza-taldekoak joan izan diren kanpora txistulari barik. Baina kinka larrian egon da. 2011n Kataluniatik etorri nintzenean, jakin genuen azken txistu ikaslea desapuntatu egin zela musika-eskolatik, eta orduan Mikel Santiago eta neu ados ipini ginen taldeari bultzada emateko. Ahaleginaren “erantzule” dantza-taldekoak ere izan ziren. Kontuak kontu, txistua erosi nuen, eta txistua ikasten daramatzat bost urte, Arrasateko musika-eskolan”. Jakintza hartuta, bada, hurrengo pausoa taldea elkartzea izan zen: “Egin zen ahalegin handia lehen Txistu-dantza egunerako. Herriko txistularien zerrenda osatu genuen eta lehen Txistu-dantza egunean (2012) asko elkartu ginen”.

Harrezkero, sortutako taldeak buru-belarri dihardu. Bost belaunaldi elkartzen dira eta gustura ari dira beteranoak eta gazteak elkarrekin.

Taldekide berriak nahi

Elene Etxaniz (Soraluze, 2002) da taldera batu den txistularirik gazteena, familiako tradizioari jarraituz: “Domentx ezagutzen nuen, aitaita eta tia txistulariak dira, aitaren partetik ere bizpahiru tio txistulari ziren… Gogoa nuen beste instrumentu bat ikasteko eta urte eta erdi daramat taldean”.

Urte eta erdi darama Ane Osorok (Soraluze, 1991) ere, nahiz eta eskarmentua baduen lehenagotik: “2003-2004an hasi nintzen euskal jaietara joaten (musika-eskolan aritzen ginenak joaten ginen). Gero herrira itzuli nintzenean, Domentxekin komentatu nuen txistua berriro jotzearena eta orain taldean nago”.

Beteranoei dagokienez, berriz, Edurne Orbeak (Soraluze, 1971) Ezoziko erromeria batean sumatu zuen “deia”: “Mikel Santiagori txistua eskatu nion eta han egon ginen, batzuk kantatzen eta neu txistua jotzen. Orduan harra sartu zitzaidan berriro, eta erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Domentx ere bazebilen eta neu ere animatu nintzen lehen Txistu-dantza antolatzera. Hori izan zen itzulera”.

Igone Mendizabal (Soraluze, 1971) ere 2012an bueltatu zen: “Txistu-dantza egunerako gonbitea jasota; umea ere dantza-taldean dabil, eta azken batean nahi duzu umetako bizipenak zure seme-alabek ere izatea; horrela bueltatu nintzen".
Taldea egituratuta, bada, hura sendotzea eta gazteak erakartzea da helburua. Hala ere, eta jakinda Soraluzen txistulari ohi asko dagoela, horiek gonbidatu nahi dituzte: “Uste dut txistuarekin gozatu duena gustura etorriko litzatekeela. Da pausoa ematea. Ahal denean, nahi duenak jotzea, ez dago konpromisorik. Baina Plazentzian askok ikasi du txistua jotzen. Beraz, norbaitek gogoa badu, etor dadila, ez du gonbidapen beharrik. Jende gehiago balego taldean, erakargarriagoa ere bihurtuko litzateke”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.