Kanoikada jaurti ondoren abiatuko da Galtzagorrien txaranga kalerik kale. Une horretan elkartuko dira herritarrak, Korner Moreak deituta,"erasoen aurkako argazki herrikoia" ateratzera.
80 kilo eta 80 litro
Jaien hasiera borobiltzeko, 19:30ean Eusko Labeleko parrilleroek saiheskia eta sagardoa partituko dute Plaza Berrian. Ordubete lehenago piztuko dute parrilla ikatzarekin, eta bertan prestatuko dute saiheskia, kanoikadaren ondoren banatzen hasteko.
Estrainekioz bisitatuko dute Soraluze eta estreinaldi goxoa iragarri du Oriotik bertaratuko den Jose Inazio Atorrasgastik, Euskal Parrillak enpresako kideak: "Lehenengo aldiz noa, baina badakit seguruena bueltatu egingo naizela, ze jendeak gustura hartzen ditu gure produktuak. Eramango ditugu Basetxerri enpresako 80 kilo saiheski, ikatzean erreta emateko. 18:00ak ingururako bertaratuko gara, eta ordubetez egongo gara saiheskia prestatzen. Gero, pintxo modura emango dugu saiheskia ogi zati batekin. Horrekin batera, Astigarragako Bereziartua sagardoa ere eramango dugu barrikan, 80 litro. Txotx! egingo dugu sagardotegian bezala, eta giro ederra sortuko da".
3.000 lagunendako
Eskarmendu handia duen enpresa da Euskal Parrillak, 12 bat urtekoa. Euskal giroarekin lotutako ekitaldietan egiten du lan, "herriko festetan, kirol probetan... Getariatik Zarauzko igeriketa probako 3.000 lagunendako mokadua guk egingo dugu", jakinarazi du Atorrasagastik.