Soraluzeko Kooperatiba Elkarteak aipamen berezia eskuratu du

Ubane Madera 2019ko uzt. 23a, 10:20
Pilar Etxeberria, Ana Sebal, Isabel Aristi, Mila Moro, Axun Soraluze eta Nerea Unamuno lan bazkideak atzo, astelehena, Kooperatiba aurrean.

Aipamen berezia eskuratu zuen Soraluzeko Kooperatiba Elkarteak 50 urtetik gorako Kooperatibismoari egindako omenaldian. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak antolatu zuen ekitaldia, kooperatibek garapen iraunkorraren alde duten konpromisoa aitortzeko jardunaldian. Eta 110 urte dituelako jaso zuen aipamen berezia Soraluzekoak.

Kooperatiben konpromisoa garapen iraunkorraren alde izeneko jardunaldia egin zuten joan den astean Euskalduna jauregian, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak bertan zirela eta Legebiltzarreko eta Batzar Nagusietako bestelako ordezkariak ere bertan zirela. Haiekin batera izan zen baita ere Espainiako Gobernuko ordezkari Cristina Gallach.

Ekitaldiaren bitartez, oro har, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko erakundeen aitortza jaso zuten 50 urtetik gorako kooperatibek, tartean, Soraluzeko Kooperatiba Elkarteak.

Haren ordezkari modura, Bilboko ekitaldian Ana Sebal Soraluzeko kooperatibako lan bazkidea izan zen, eta oroigarria eman zioten, Soraluzeko kooperatibaren ibilbide luzearengatik eta oparoarengatik.

Ekitaldian, Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu zuen kooperatibek garapen jasangarrirako helburuekin duten konpromisoaren garrantzia; bestela esanda, nabarmendu egin zuen hazkunde ekonomiko jasangarria eta kalitatezko enplegua lortzeko egiten duten ahalegina, “beti pertsona izanda jardueraren ardatza”.

Urkulluk gaineratu zuen “kooperatiba-eredua baliokoa” dela eta egiaztatzen duela ereduak “pertsona” duela “ardatz” eta “inbertsioa iraultzen” duela “ingurura eta hazkunde jasangarriaren esparruan ahalik eta ongizaterik handiena lortzea” duela helburu.

Ereserki eta guzti

Ekitaldian, Humanity at Music sinfonia aurkeztu zuten, aurrerantzean, Euskal Herriko kooperatiben ereserki izateko Mondragon Korporazioak oparitutako sinfonia, hain justu ere.

Soraluzeko kooperatibari dagokionez, honako langile bazkideek osatzen dute: Ana Sebal (administratzailea), Mila Moro (Kudeatzaile-gerentea), Maria Pilar Etxeberria, Nerea Unamuno, Axun Soraluze eta Isabel Aristi. 

Lehendakaria, berriz, Amaia Ariznabarreta da, idazkaria Alazne Arizaga eta bokalak honakoak: Maialen Elortza, Jose Luis Larreategi, Xabier Alberdi, Fernando Alberdi, Aitor Santiago eta Elene Alberdi.