"Martinek gehiago dihardu kritika sozialaz eta nik gehiago nire eguneroko bizitzaz"

Egoitz Unamuno 2019ko uzt. 23a, 09:14

Mikel Oregi eta Martin Rekalde, Polo Opuesto.

Mikel Oregi 'Katxo' plazentziatarrak eta Martin Rekalde 'M.rek' eibartarrak, osatzen dute Polo Opuesto. Duela bi urte ezagutu zuten elkar Soraluzeko jaietan eta harrezkero elkarrekin rapeatzen dute. Uztailaren 27an kantatuko dute herrian, Gune Musik jaialdiaren barruan.

Zuek nondik zaletu zineten rapera?
M.O.: Beti gustatu izan zait. Madrilgo lagun batek erakutsi zidan kantu bat eta gero idazten hasi nintzen.
M.R.: Ni txikitan hasi nintzen grafitiekin. Mundu horretan sartu nintzen eta hasi nintzen lagunekin rapa entzuten. Ni lehenengo prosan idazten hasi nintzen eta gero testu horiekin kantuak egiten.
Noiz kantatu zenuten lehen aldiz publiko aurrean?
M.O.: Orain dela bi urte, Eibarko San Juanetan, Areto tabernan.
M.R.: Nik aurretik ere kantatu nuen Areton, bakarrik. Behin lagun batek kantatu ostean mikroa laga zuen libre nahi zuenak kantatzeko eta ni igo nintzen kantatzera.
Non kantatu izan duzue?
M.O.: Eibarko tabernetan: Hirurok, Beleko, Ezdok…
M.R.: Belekokoa izan zen brutala. Rapeatu genuen Eibarko Renk-ek, Debako Desconocidok eta guk biok. Eta gero lagun batek teknoa ipini zuen.
Zein hikuntzatan kantatzen duzue?
M.O.: Normalean gazteleraz kantatzen dugu baina euskeraz ere badugu kanturen bat. Gazteleraz jarraitzaile gehiago dago.
M.R.: Igual erreferentziengatik egiten dugu gazteleraz, ze guk rap dena gazteleraz entzuten dugu.
Zein dira erreferentziak?
M.O.: El Niño La Yuinta, Ayax & Prok… Kanta batzuk.
M.R.: Violadores del verso eta The Louk. Niri gustatzen zait denetik entzutea, batzuetan mezuak dauka indar gehiago eta bestetan erritmoak. Euskarazkoa, Glaukoma.
Zuek zein gai lantzen dituzue kantuetan?
M.O.: Martinek gehiago dihardu kritika sozialaz eta nik gehiago nire eguneroko bizitzaz: nire lagunak, zer egiten dudan egunerokoan, zer gustatuko litzaidaken izatea…
M.R.: Nirea gehiago da politikeoa. Nire idealak, baloreak… Horrek inspiratzen nau. Baina eguneroko gauzak ere bai, ez dugu idazten filosofiako libururik ere.
Mezua zein da?
M.R.: Norberak norbera izan behar duela momentuko moden gainetik.
M.O.: Ni, segun eguna, heltzen naiz lokalera eta hasten naiz notak idazten mobilean: etxera bidean kantu bat idazten…