"Lortu dugu Soraluze tekno musikaren mapan kokatzea"

Egoitz Unamuno 2019ko uzt. 23a, 09:04
Aritz Ramirez eta Mikel Aparicio, Gune Musik jaialdiraen antolatzaileetako bi.

Gune Musik jaialdiak zortzi urte beteko ditu aurten eta programazio berezia izango du. Lehen aldiz, rap emanaldi batek abiatuko du tekno-jaialdia eta ostean, C-System DJ-ak gidatuko du gau-giroa. Uztailaren 27an izango da (zapatua), arratsaldeko 18:30etik aurrera. 

Askok ezetz uste arren, tekno musikak ere badu bere bihotza eta Soraluzen aspaldiko urteetan bihotz hori taupaka mantentzeko ahaleginean diharduenetako bat da Mikel Aparicio DJ Apa. Musika elektronikoa barru-barrutik bizi du eta DJ lanak egitearekin batera, hasieratik parte hartu du Gune Musik jaialdia antolatzen. 

Rapa eta zuzeneko teknoa

“Aurten apustu oso arriskutsua egin dugu, beharbada, Aitor Rondarena baino arriskutsuagoa: C-System. Bera da gure aurtengo kartelburua. Zuzenekoak egiten ditu. Ekoizle famatua da eta tekno industrial oso ona egiten du. Melodia azido asko ditu, oso azkar doa, bonbo apurtu asko ditu… Berezia da. Granadatik dator. Aldamenean oso ekoizle ona du, Horacio Cruz. Lehenengo aldia da zuzenekoa ekartzen duguna eta ez dakigu jendeak zela hartuko duen. Berak bere sintetizadore, erritmo-kutxa eta teklatuarekin sortuko du musika. Lehenengo aldia da Gipuzkoara datorrena eta espero dugu gustatzea.

Gainerako DJak dira kolektibokoak, bailarakoak: Purple Boyz Debako bi gazte dira, Levin Eibarkoa, eta, herrikoak, Orlando, falta ezin zena, eta ni, Dinnamickal.
Jaialdia arratsaldeko seiretan hasiko dugu, rap kontzertuekin. Ikusi dugu rapak jendea erakartzen duela eta bailaran atera direla hainbat rapero fama ona dutenak, beraz pentsatu dugu aproba egitea: Polo Opuesto (Soraluze-Eibar), Deskonozido (Deba), Renk C.A. eta A. White. Lehenengo rap kontzertua izango da herrian. Nahi diegu aukera bat eskaini eta jaialdiari beste ikutu bat eman”.

Soraluze tekno musikaren mapan

“Elektronika munduan dagoen gauzarik txarrena da konpetentzia. Aukera duenak aldamenekoa zapaltzen du eta horixe izan zen Gune Musik sortzeko arrazoi nagusia: gure artean borrokan ibili beharrean, elkartu eta indartsuagoak egitea. Kosta egin da, batez ere, ikuspuntu eta estilo ugari daudelako. Baina, tira, zortzi urte pasatu dira eta, dagoeneko, nik uste, egitasmoa egonkortuegin dela, eta indartsu gaude. Urteotan gorabeherak izan dira, baina azken urteotan gure apustuak gero eta indartsuagoak dira. Iada ez gara konformatzen ondo pintxatzearekin, begiratzen dugu zein den artistaren ibilbidea, agentzia… Poliki-poliki nibelak gora egin du. Lehen aldiz Aitor Ronda ekarri genuen urtea inflexio puntu bat izan zen guretzat. Edizio hartan 1.000 pertsona batu genituen. Izan da orain arte batu dugun jende kopururik altuena.

Azken batean, lortu dugu Soraluze tekno musikaren mapan kokatzea. Jendea etortzea Errioxatik, Kantabriatik, Nafarroatik… eta gelditzea giroagatik. Hori guretzat da lorpenik handiena”.

Estigma gainditzen

“Gune Musik Kolektiboa osatzen dugu Deba bailarako DJak: Deba, Arrasate, Eibar eta Soraluzekoak, baina badira antolatzaile moduan jarduten duten herriko pertsonak ere, esaterako, Aritz Ramirez.

"Gu oso pozik gaude eta uste dugu soraluzetar asko ere pozik daudela. Gainera, azkenengo urteetan udaletxearekin batera neurriak adostu ditugu bizilagunei arazo gutxiago sortzeko: bolumena, ordutegia… eta guk ere ikasi dugu gauzak zela egin, denok disfrutatu ahal izateko. Frontoia betetzen hasi ginenean, kostatu zitzaigun herritarrekin konektatzea. Berria zen, jende asko zetorren kanpotik… Ulergarria da. Baina nahi duguna da jendeak ikustea musika elektronikoa ez dela txarra. Jendeak estigmatizatu egiten du elektronika bere garaian izan zena izan zelako, baina azken batean gauza bera gertatzen da taberna guztietan. Punkarekin ere hori gertatu zen, estigmatizatu egin zen, desfasearekin eta drogekin lotu zelako”.

Txitxarrotik Sonorara

“Nik esango nuke teknoaren inguruko giroa asko aldatu dela. Orain dela hamar urte diskotekak zeuden herri askotan eta Txitxarroa astebururo goraino betetzen zen. Gaur egun, itxita eta salgai dago. Elgoibarko Guass, Bergarako Jam… Orain, patxanga edo regetoiak, popak, musika komertzialak baztertu egin du eszena elektronikoa. Orain, areto nagusiak hirietan daude. Bilboko Sonora da erreferentzia nagusienetakoa. Noizean behin, faltan botatzen dut larunbat gauetako eszena hori: banoa Txitxarrora edo Elefante Blancora edo Guasera… Hori igarri egiten da. Orain bailaran ez dago ezer. Gure Leku taberna Arrasaten, hori baino ez.

Soraluzekoaz gain, Deba bailaran jaialdi bakarra dago Soraluzekoak beste urte dituena, Ermukoa. Jaialdi horretan 2.000 pertsona inguru batzen dira. Beste nibel baten daude”.

Tabernetatik Ibizara

Ondorengo lerroetan, Mikel Apariciok musika elektronikoaren barruan egin duen ibilbidearen berri eman digu:
“Hamabost urte inguru nituenean Punktapie taldea sortu genuen eta hura izan zen abiapuntua eta oinarria. Gero, kuriositateak eraginda, beste musika-mota batzuk ezagutu genituen. Handik hiru urtera, musika elektronikoaren munduan sartu nintzen buru-belarri. Garai hartan oso jende gutxik pintxatzen zuen musika herrian: Asik, Gordik… Hasiera zaila izan zen. Bailarako tabernetan hasi nintzen eta poliki-poliki joan nintzen diskoteketan sartzen. Urte batzuk egin nituen diskoteka eta tabernetan musika jartzen eta horrek Euskal Herriko beste areto batzuetako ateak zabaldu zizkidan. Baita Kantabria eta Errioxako diskoteka batzuetakoa ere. Orain dela lau urte Ibizan pintxatzera joan nintzen. Niretzako izan zen amets bat betetzea. Iada, hil naiteke lasai (kar, kar, kar).

Esan nezake niri gustatzen zaidana dela ikustea jende guztia nire erritmora dantzatzen, jendearen euforia hori, baina nik uste dut gehien erakartzen nauena dela pintxatzen egotea. Hori ezin da esplikatu, bizi egin behar da. Iaz Aitor Rondak erakutsi zigun zer den tekno musika bizitzea, odolean eroatea. Bizitzeko modu bat da”.