Duo Plaentxiri eskerronez, jaialdia

Ubane Madera 2019ko uzt. 22a, 10:28
Jesus Urizar eta Jose Luis Badiola eta Santi Sarasketa, Trio Basaur talde modura.

Aurten hil den Jesus Urizarren eta harekin batera Duo Plaentxi osatzen zuen Jose Luis Badiolaren kantuak plazaratuko dituzte Santiago eguneko herri-ikuskizunean. Urizarren familia eta Badiola bertan izango dira.

Hego-Ameriketako doinuek Plaza Zaharra hartuko dute jaietako lehen egunean, aurten herri-ikuskizunean herriko kantariek Duo Plaentxiren kantuak interpretatuko dituzte-eta, 23:00etan hasita, bi ordu pasatxoko jaialdia izango da.   

"Ona gizona"

Domentx Uzinen gidaritzapean, Mikel Hernandez, Ines Laskurain, eta Abel Olaizola ari dira aurtengoa antolatzen, eta ukitu musikaletik harago joango den ekimena izango dela azpimarratu du Olaizolak: "Oso festibal polita izango da, hunkigarria, malko bat baino gehiago isuriko da. Guretzat Jesus zen mucho Jesus. Abesbatzan ere kantatu zuen 2010etik-edo, tenorea zen. Haren hileta-elizkizunean abestu egin genuen Plazentziako koruak eta Elgoibarko koro parrokialak. Han bertan jaio zen omenaldiren bat egiteko ideia. Oso lagunak ginen. Korukideen artean laguntasun berezia daukagu, kuadrilla da gauza bat eta korua da beste bat, koruarengatik kuadrilla saldu egiten dugu. Gainera, Jesus zen oso pertsona ona. Gizon ona, oso laguna, oso kariñosoa denekin, adar-jotzailea, eta denei laguntzeko prest. Harreman berezia genuen abesbatzakook berarekin. Eta orokorrean, Duo Plaentxik merezi duelako egingo dugu haien omenezko kantaldia, Plaentxiako izena eroan dute Euskal Herri guztian zehar".
Kantaldiaz aparte, oroigarria ere emango diete "Soraluzeko herriaren izenean".

Artista ugari


Musikari-lanetan honako artistak ariko dira: Domentx Uzin, Jon Basauri, Aimar Bengoa, Xabi Bengoa, Ines Laskurain, Mikel Hernandez eta Elsa Berrueta.

Abeslariak, berriz, honakoak izango dira: Ugaitz Catalan, Andoni Calles, Sebas Hernandez, Maite Iñurrieta, Ane Ugalde, Eider Varela, Ioritz Aizpitarte, Myriam Goenaga eta Trio Plaentxi (Jon Basauri, Domentx Uzin eta Andoni Calles). Haiekin batera, Jose Luis Badiolak Aitor semearekin interpretatuko ditu hiru kantu, abesbatza ere izango da eta baita Eibar Kantuan-eko Los Veracruz ere. Ikuskizuna Ane Ugaldek eta Abel Olaizolak aurkeztuko dute.

Rekinto berezia

Urtarrilaren 7an hil zen Jesus Urizar, 69 urte zituela. Ezagun egin zen Mexikoko eta Hego Amerikako doinuak abestuz, Hasieran Nubay hirukotearekin (1965), 1988tik aurrera Duo Plaentxirekin, eta azkenik, Basaur hirukotearekin 2015etik aurrera.

Instrumentu kutuna

Donostiako Los Pumas taldeak oparitutako rekintoaren doinuak zituen Urizarrek ikur. 2007an argitaratu zuten Duo Plaentxiren kantu ezagunenekin osatutako CD-a: Veracruz, Flor silvestre, La flor de la canela... Hori bai, Urizarren beraren kantua El Pajaro Chogui zen. Oso gustuko zuen hura kantatzea. Bada, jaialdian atzera ere entzungo dira doinuok, oraingoan Jesus Urizarren eta Jose Luis Badiolaren lagunek abestuta.