Hiru gazta mota eta txakolina dastatzeko aukera, martitzenean

Ubane Madera 2019ko uzt. 20a, 09:06

Besteak beste, Egotzako gazta izango da dastatzeko datorren martitzenean.

Soraluzeko Egotzako, Elgoibarko Mausitxako eta Mallabiko Axelekuko gaztak probatzeko aukera izango da uztailaren 23an, 18:30ean. Gazta eta txakolin dastatzea antolatu dute,  "eskualdeko gaztagintza eta txakolina ezagutzera emateko eta baserritarren lana eta produktuak balioan jartzeko asmoz".

Hiru gazta-mota probatu ahal izango dira martitzenean antzokian egingo duten dastatze egunean: Soraluzeko Egotza baserriko ahuntz gazta, Elgoibarko Mausitxako ardi gazta eta Mallabiako Axelekuko behi gazta. Gaztari laguntzeko Mutrikuko Sagarmina txakolina ere partituko dute.  

Santiago eta Santa Ana jaien baitako ekitaldia izango da. 18:30ean hasita, ordu eta erdiko ekimena antolatu dute, doakoa. Aurkezpenarekin abiaraziko dute, azalpen orokorra emanez. Eta ondoren hasiko da dastaketa. Antzokian bertan izango dira gazta eta txakolin egileak eurak ere, nork bere produktuari buruzko xehetasunen berri ematen.

Soraluzeko Udalak, Debemenekin, Debabarreneko Landa Garapen Elkartearekin elkarlanean antolatu du dastatze eguna.