Hondakin poltsak "arrantzatzen"

Ubane Madera 2019ko uzt. 19a, 11:08
Udaltzainak ibai ertzean.

Gaur goizean, bi udaltzain eta Ingurumen teknikaria ibaira botatako hondakin poltsak ateratzen ibili dira, kiroldegiko pasealekutik, Baltegieta inguruan. “Organikoaren poltsak ziren, bospasei, presa inguruan zeuden trabatuta, baina hondakin organikoez gainera, poteak eta botikak ere bazituzten”, kontatu dute.

Hondakinen kudeaketa egokia bermatzeko bidean, gaur goizean, bi udaltzain eta Udaleko Ingurumen teknikaria ibaian, Baltegietako presa inguruan trabatuta zeuden bospasei hondakin poltsa atera dituzte bertatik, norbaitek ibaira bota dituen poltsak, alegia.

Haiek zabaltzean, barruan hondakin organikoez aparte, poteak eta botikak ere aurkitu dituzte. Ibaitik ateratzeaz gainera, helburua da, edukiontzi kanpoetan lagatako poltsekin egiten diharduten moduan, ibaikoak ere zeinek bota dituen identifikatzea, gero harekin harremanetan jarri eta hondakinen kudeaketa egokia ez egitearen arrazoiak aztertzeko.

Presa inguruan zeuden poltsak trabatuta, hain justu, algak asko handitu dira inguru hartan, eta bertan gerarazita zeuden, beste hondakin ugarirekin batera. Hantxe ikus daitezke ere, Soraluzeko gau eta egun beroak euren kantuekin betetzen dituzten igel erraldoiak.