Folk irlandarra eta 'chanson' frantsesa domekan zubian

Egoitz Unamuno 2019ko uzt. 18a, 08:47

The Humans Beans.

The Human Beans duetoak folk musika doinuak eskainiko ditu biolina eta gitarrak lagunduta. Folk amerikar berria, irlandarra, chanson frantsesa eta abar. Eguraldi ona bada, kontzertua zubiko terrazan eskainiko dute (Gaztetxearen aurrean). 

John Breen iowarrak eta Esther Gabiola lekeitiarrak osatzen dute The Human Beans. Duela hamar bat urte, Bilboko irlandar sessiun batean ezagutu zuten elkar eta harrezkero, koktel musikal berezi bat osatu dute, ondorengo osagaiak nahasten dituen bertsioak eginez: amerikar folk berria, countrya, kantautoreen musika (Laura Cantrell, Dan Hicks, Crosby, Stills and Nash, Leonard Cohen…), irlandar doinuak, chanson frantsesa delakoa, gospela etab. Horri guztiari, "umore dosi handia" gehituta. 
 
Batez ere, tabernako musikariak dira. Eguerdian, bermut orduan, edo afal aurretik entzutekoak. Baina, tabernaz gain, bestelako leku batzuetan ere jotakoak dira, hala nola: kebabetan, hizkuntza eskoletan, elizetan... Domekan, Zentroaren (Gaztetxearen) aurrealdean joko dute, eguerdiko 13:00etan, eta barra zabalik izango da. 

Amerikarra eta lekeitiarra

John, irlandar jatorriko amerikarra da eta urte askoan Kaliforniako Palo Alton lan egin ondoren, Bilbora etorri zen, bizitza lasaiago baten bila, ingelesa irakatsi, gitarra jo eta abesteko asmoz. Hemen, musikari askoren proiektuetan hartu du parte, besteak beste Pablo Almaraz, Teddy Baxter eta La Crisis soul taldeetan.
 
Estherrek, berriz, beste askok bezala txikitan ikasi zuen musika baina lanbidez, beste zeregin batzuetan dihardu, frantses irakaslea da unibertsitatean. Hala ere, beti izan du musika saltsetan jarduteko grina eta bibolin, akordeoi edo pandero talde ugarirekin jo izan du: Lekeitioko Estudiantina, Zehatz mehatz, (H)ura… (Lekeition), Revue de Bresse folk taldea, La Perogia erdi-aroko musika taldea (Frantzian).