Bihar hilabete erdi greban

Ubane Madera 2019ko uzt. 15a, 17:13

Tecmaneko langileen auto-karabana Zubi Nagusitik, gaur goizean.

Gaur goizean, astelehena, auto-karabana egin dute Debabarrenetik Tecman enpresako  langileek, LAB sindikatuak deituta. Soraluze ere zeharkatu dute protestan,  Mendaroko ospitaleko mantenu zerbitzuaz arduratzeaz aparte, eskualdeko anbulatorioen mantenuaz ere arduratzen direlako, tartean, Soraluzekoaz.

Greba mugagabea egiten dabiltza Tecman SVA enpresako 11 langileek. Orain dela 14 egun hasi zuten protesta, eta harekin batera, elkarretaratzeak egiten ere badabiltza Mendaroko ospitalearen sarreran, eta baita auto-karabanak ere, eskualdeko udalerriak zeharkatuz.

Halaxe egin dute gaur goizean, astelehena, eta tartean Soraluze ere zeharkatu dute. LAB sindikatuko Jon Baranguenek jakinarazi duenez, gainera,bihar sinadura bilketa abiaraziko dute Osakidetzako langileen artean, haiek lankideen eskaerak babes ditzaten.

Bi aldarrikapen

Maiatzaren 1az geroztik arduratzen da Tecman Mendaroko ospitaleko eta eskualdeko anbulatorioen mantenuaz, zerbitzua lehiaketa publiko bitartez eskuratu ondoren. Bi aldarrikapen dituzte bertako langileek:

Batetik, KPI-arekin loturiko soldata igoerak eskatzen dituzte. LAB sindikatutik salatu dutenez, 2011tik dituzte soldatak izoztuta, Gipuzkoako metaleko herrialdeko hitzarmena sinatu zenetik. “Tecman-eko eta Osakidetzako zuzendaritzako arduradunak konforme egongo al lirateke 1200 eurotako soldatarekin? Argi daukagu, ezetz”, diote.

Eta bestetik, txandak, guardiak aitortzea. Sindikatuak salatzen duenez, Tecmanek 11 euro ordaintzen duena Osakidetzako langile batek 43 euro jasotzen dituen zerbitzu berberarengatik.  

Eskubide "urraketa"

Aldarrikapenak egiteaz aparte, LABetik salatu dute “langileen greba egiteko eskubidea urratzen” ari direla, “ospitaleko sukaldeko arazoak konpontzeko beste enpresa bat azpikontratatu duelako” Osakidetzak.

Gaineratu dute “behin-behineko langileei xantaia” egiten ari direla, esanez greba egiteari uzten badiote “kontratu  finkoa” egingo dizkietela. Eta baita ere “enkargatuak teknikarien lana burutzen” ari direla, “zerbitzu minimoen arauetan hori erabat debekatuta dagoenean”.

Eta, oro har, salatu dute, “Osakidetza beste alde batera begira” dagoela: “Tecman-eko langileok, zerbitzu publiko bat egikaritzen dugu jendartearentzat, baina Osakidetzak baimendutako lan baldintza kaxkar hauekin ezinezkoa da herritarrek merezi duten kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzea. Hau da, gure borroka, gure lan baldintzak duintzearen aldekoa izateaz ez ezik, kalitatezko zerbitzu publikoaren aldekoa ere bada”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.